- Usurbilgo Udalak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak hizkuntza eskubideen inguruan herritarrak aktibatzeko eta kontzientziatzeko urtebeteko hitzarmena sinatu dute. Bi erakundeen arteko harremana ez da berria, baina bai edukia, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak hitzarmen honen aurkezpenean azaldu zuenez: "Herritarrak kontzientziatu eta aktibatu nahi ditugu, eta tresna eraginkorrak eman, euren hizkuntza eskubideak berma daitezen".

Herritarrak euren eskubideez jabetu daitezen zenbait ekimen jarriko dituzte abian, besteak beste, Behatokiak gaia lantzeko urte hasieran eskainiko duen saioa: zer hizkuntza eskubide dituzten eta haiek babesteko zein tresna dituzten azalduko diete parte-hartzaileei. Horrez gain, urte amaieran, jasotako kexen txostena helaraziko dio Behatokiak Udalari, urraketa horiek non gertatu diren aztertu, eta neurri gehigarririk hartu ote dezakeen aztertzeko.

Horrez gain, udaletxean eta Potxoenean herritarren kexak jaso eta Behatokira bideratzeko aukera emango dute. Udalaren webgunean ere horretarako aukera berezia emango dute. Udalak, bere aldetik, 900 euroko diru-ekarpena egingo dio Behatokiari.

Herritarrak euren hizkuntza eskubideez jabetzera deitu dituzte, urraketaren bat pairatuz gero, udalerrian zein udalerritik kanpo gertatu, Udalera edo Behatokira jo dezaten, Akuilari aplikazioaren bidez, Euskararen Telefonoan alta emanda edo 948 146 172 edo 627 524 782 telefonoetan.

Agurne Gaubeka Erauskin Behatokiko zuzendariak euskaraz ari-tzeko trabez ohartarazi zuen. Era berean, euskara erabiltzea bezain garrantzitsua da, Gaubekaren esanetan, erabilera sustatzeko espazioak izan eta eskaintzea: "Horretan, zeregin berezia dute administrazio publikoek eta, bereziki, Udalek, herritarrekiko zerbitzu gehienak eta zuzenenak horietan jasotzen baitira". Halaber, erakunde, eragile eta enpresa pribatuek ere herritarren eta bezeroen oinarrizko eskubideak errespetatu eta kontuan hartzea berebizikoa da, haren esanetan.

Gaubekak azpimarratu zuenez, "Oinarrizko giza eskubideen artean kokatzen dugu hizkuntza eskubideena: 'Ez da inor bereiziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik".

Aurkezpenean alboan izan zituzten, baita ere, zeregin horretan lanean diharduten Noaua! euskara elkartea eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.