- Alex Txikonek bihar, asteartea, aurkeztuko du Tolosako Leidor aretoan Mendi biluzia filma, 20.00etan, euskara hutsean. Mendizale bizkaitarra bertan izango da eta bere liburua sinatuko du, 19.30ean.

Film luzea Txikonek berak ekoiztu eta zuzendu du, eta 2016ko otsailaren 26an Nanga Parbaten (8.125m; Karakorum-eko mendikatean, Asian) egin zuen gailurra kontatzen du. Ordura arte neguan inoiz lortu gabeko balentria da. Mendizaleak jasotako eta orain arte ikusi gabeko irudiak ditu, eta baita Red Bull Media House-ren aireko eszena ikusgarriak ere. Ikus-entzuleek neguko espedizio baten funtsean eta gogortasunean murgiltzeko eta tontorrera iristearen balioa ulertzeko aukera izango dute, baina, batez ere, oinarrizko kanpalekura itzultzearen garrantzia.

Mendizale bizkaitarrak konfinamenduan landu duen oso proiektu pertsonala da, izenburu bera daraman eta lorpena xehetasun handiagoarekin kontatzen duen liburuarekin batera. Elkar liburu-dendetan dago salgai eta denbora gutxi barru Donostiako Fnac-en ere.

Sarrerak www.kutxabank.eus webgunean eta Leidorreko leihatilan erosi daitezke.