- Zer da ekintza txikien herri aliantza? Bada, norbanako gisa zer egiteko prest gauden aztertuta egindako lanketa, hau da, konpromiso indibiduala eta elkarlan publiko-komunitarioa sustatzeko. Beste plano batean landu da, era berean, Tolosa hobe bat eraikitzeko zer egin daitekeen.

Aurrera darrai Orain inoiz baino gehiago, guztion artean Tolosatzen prozesuak eta urriaren 27an herritarrekin topaketa digitala antolatu du Tolosako Udalak. Aurkezpen saioa izango da, alde batetik, prozesuan zehar herritarrek egindako ekarpenak kontuan izanda, 2021 urterako aurrekontuei begira Udalean egindako urratsen berri emango da eta, bestetik, ekintza txikien herri aliantza herritarrekin partekatuko da.

Hala, keinu txiki horiekin urteko egutegia osatu da, urteko hilabete bakoitzean gai edota esparru batean azpimarra jarriz. Ez da dokumentu itxia izango, herritarren feedback-a lortu nahi baita eta une oro herritarrek ekarpenak eta ekintza txiki berriak gehitzeko aukera izango baitute. Azaroan aurkeztuko da egutegia eta etxe guztietara bidaliko da, herritarrek modu aktiboan parte hartu dezaten, bakarka edota familian

Urriaren 27ko saioa online izango da, Zoom plataforma bidez, 18.30etik 20.00etara. Parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa izango da Tolosako Udaleko web orriaren bitartez. Behin izena emanda, saioan parte hartzeko gakoak jasoko dira posta elektronikoan. Udal ordezkari politikoek eta teknikariek parte hartuko dute eta herritar guztiak daude topaketan parte hartzera gonbidatuta.