- Sare sozialen bidez eta ahoz aho zabaldu da egunotan hainbat gaztek Amasa-Villabonara joateko asmoa zutela makro botiloia eta parranda egitea. Honen aurrean, Udalak adierazi du neurriak hartuko dituela, Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren laguntzarekin, eta salaketak egingo direla, beharrezkoa izango balitz.

Amasa-Villabonako Udalak jakin du azken egunotan Tolosaldea eta Goierriko hainbat gazte eta nerabe taldetan asteburu honetan parranda egitera Villabonara joateko eta Komizarko parkean makro-botiloi bat egiteko deialdiak zabaldu direla.

Honen aurrean, Udalak gogorarazi du Villabonako Santio Jaiak bertan behera geratu direla: “Ez da jai egitaraurik izango eta tabernen ordutegia murriztu egin da”. Hala, jendarteari eta bereziki inguruko herri eta eskualdeetako herritarrei, Villabonara parranda egitera ez etortzeko eskaera egiten diete.

Gogorarazi dute, era berean, adin txikikoei alkoholdun edariak saltzea eta botiloia egitea debekatuta daudela. COVID-19aren zabalpena saihesteko hamar lagunetik gorako taldeetan biltzea debekatuta dago eta oso garrantzitsua da arduraz jokatzea eta ezarri diren segurtasun arau guztiak ondo betetzea.

Arau orokorrez gain, Amasa-Villabonako Udalak zenbait neurri berezi hartzea erabaki du pilaketak gerta ez daitezen. Alde batetik, Komizar parkera doan bidea itxi egingo da eta Udaltzaingoak zaintza berezia egingo du inguruetan, botiloirik egin ez dadin. Bestetik, Udala Ertzaintzarekin harremanetan jarri da, herriko sarbideetan eta tren geltokian kontrol neurriak ezar daitezela eskatzeko. Azkenik, Udaltzaingoak aipatutako arau hausteak egiten dituzten pertsonak identifikatu eta salatuko ditu, salbuespenik gabe.

Nahiz eta jaiak bertan behera geratu, hainbat ekitaldi izango dira gaur eta bihar herrian. Gaur, 12.00etan, haur antzerkia izango da ikastolan; 19.30ean Amak taldeak kontzertua eskainiko du Arroako plaza; eta gauerdian Tonbola antzerkia izango da Erreboteko plazan. Bihar, 19.00etan Ballerina haurrentzako zinea Arroako palzan.