Osasun-larrialdiko alarma egoera dekretatu eta Andu Martinez de Rituerto berehala jarri zen martxan tolosarrei ariketa fisikoa etxean berarekin egiteko animatuz. "Kirola egiteaz gain, osasun psikologikorako ere onuragarria da. Izan ere, garrantzitsua da momentu ludiko bat izatea, familian edo bikotean ondo pasatzea, barre egitea, eta hori da nire helburua", azaldu du ariketa fisikoko irakasle eta Tolosako EH Bilduko bozeramaileak.

Egunero-egunero arratsaldeko 17.30ak inguruan egiten du deialdia sare sozialen bitartez (Instagram eta Facebook) eta jarraitzaile kopurua etengabe goruntz doa: 300 lagunek egiten dute ariketa fisikoa berarekin, etxeko egongela gimnasio bihurtuz. "Lehenengo saioa martxoaren 15ean egin nuen, edo genuen, seme-alabak ere laguntzen bainaute. Alabak esan zidan onena zela sare sozialen bitartez zuzenekoak egitea eta harrituta geratu ginen erantzunarekin ehundik gora konexio izan genituelako lehenengo egunean, eta aurrera egin genuen", dio.

Alegiako Aralar institutuko zuzendaria da Andu eta 28 urte darama-tza gorputz heziketako irakasle gisa lanean. Beti kezkatu dio ariketa fisikoa eta osasunaren gaiak. "Duela zortzi urte Google Site edo web gune bat egin nuen gai hauek bigarren hezkuntzan lantzeko, eta gomendio batzuk eman nituen zentroetan erabilgarriak izateko", azaldu du.

Itxialdi egoeran, jende gehienak familian egiten du ariketa fisikoa eta hori "oso polita" dela uste du. Saio desberdinak programatzen ditu, edonork egiteko modukoak. "Garrantzitsuena da errutina bat markatzea, eta saia-tzen naiz saioak oso intentsoak ez izaten. Adinekoentzat bereziki pentsatutako saio bat ere egin dut eta besteren bat ere egingo dut", azaldu du.

Pozik dago jasotzen ari den erantzunarekin eta arrakastaren gakoa izan daiteke gertuko pertsona batekin kirola egiteko aukera izatea, eta ez plataforma handi eta inpertsonal baten bitartez. "Etxeko egongelan egiten dugu, nire seme-alabak parte hartzen dute, jendearekin harremanetan gaude... Nahiz eta mugatuta gauden etxeko espazioarekin, osagai ludiko eta sozial hori ere eman nahi diot, egoera honetatik denok zerbait positiboa ateratzeko", dio Anduk.

Arduradun politikoa ere den heinean, bere ustez konfinamendua erabatekoa izateko deia egiten jarraitu behar da. "Ez dut beldurra zabaldu nahi, baina egoera larria da eta konfinamendu masibora jo behar dugu. Horrek esan nahi du etxe bakoitzetik pertsona batek atera behar duela astean behin erosketak egitea. EAEn, eta zer esanik ez Tolosan ditugun datuekin, ehun industrialak ere minimoetan geratu beharko luke. Beste dei bat egiten diet 70 urtetik gorakoei: etxean geratu behar dute eta laguntza eskatu. Tolosako Udaletik eta boluntario taldeetatik mezu hori zabaldu nahi dugu", amaitu du Andu Martinez de Rituertok.