- DBHko ikasgeletan proiektu bati hasiera eman zaio Errenterian, kultura eta hizkuntza aniztasuna lantzea helburu duena. Hilabete honetan abian jarri da proiektua eta ikasturte amaierara arte iraungo du. Honekin, ikasleek aukera izango dute aniztasun horri buruzko ezagutza eta kontzientzia kritikoa garatzen hasteko.

Proiektua gauzatzeko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundea den Garabideren laguntza izango dute. 2005etik hainbat ildotan lan egiten du. Batetik, zubi-lana egiten du euskal komunitatearen eta munduko hainbat herrialdetako hizkuntza komunitate gutxituren artean, euskararen esperientzia partekatuz komunitate horiekin beraien hizkuntzak biziberritzeko prozesuak indartzeko. Bestetik, gizarte eraldaketara begira ere lan egiten du, Euskal Herriko udalerri eta hezkuntza-komunitateetan kultura eta hizkuntza aniztasunaren balioak eta komunitateen arteko ezagutza eta onarpenak elkarbizi-tzarako duen garrantzia balioan jarriz. Azken lan-ildo honetan kokatzen da Errenteriako ikastetxeetan garatzen ari diren proiektua. Era berean, Garabide elkartearen asmoa da baliabideak eskaintzea aniztasunaren eta kulturen eta hizkuntzen arteko elkarbizitzaren gaiak lantzeko eskolek duten gaitasuna sustatzeko, eta sentsibilizazio ekintzak garatzea etorkizuneko bizikidetza hobeago bati begira.