Oiartzun | Haurrek musika doan ikasteko aukera izango dute

Eskaintza zortzi urte arteko ikasle berrientzat da, baina herritar orok prezio bereziak izango ditu Ibargainen

10.09.2021 | 00:33
Ibargain musika eskolako eta Udaleko ordezkariak. Argazkia: N.G.

Oiartzun – Herriko haurrei musika ikasteko erraztasunak eman asmoz, zortzi urte arteko ikasle berriek Ibargain musika eskolan dohainik ikasteko aukera izango dute 2021-2022 ikasturtean, Oiartzungo Udalaren laguntzarekin.

Gogorazi dutenez, Oiartzungo Udalaren eta Ibargain musika eskolaren arteko lankidetza aspaldikoa da. Orain arte ere Ibargain eskolako ikasle oiartzuarrek musika hezkuntza jaso dezaten lagundu du Udalak. Hori dela eta, aurten ere kuota bereziak izango dituzte Oiartzunen erroldatuak dauden edota herriko ikastetxeetan ikasten duten ikasleek.

Musika eskolako arduradunek azaldu dutenez, covid-19aren pandemiak eragin duen "ziurgabetasunak eta musika entseguak egiteko ekarri dituen protokolo eta murrizketek" eragin nabarmena izan dute ikasle kopuruan.

Ikasturte honetan ere beharrezko osasun neurriak hartuko dira Ibargain musika eskolan. Besteak beste, Ibargaingoz egoitzaz gain Udalak Karrikan duen Iturburu etxea ere erabiliko dute zenbait eskola emateko. Iaz ere espazio hori erabili zuen Ibargainek, osasun protokoloek ezarritako espazio eta distantzia neurriak bete ahal izateko.

Ibargain musika eskolako arduradunek jakinarazi dutenez, urriaren 20a arte dago matrikulazio epea irekita. Informazio gehiago 943 493 885 telefono zenbakiaren bidez jaso daiteke.

noticias de noticiasdegipuzkoa