Udarako egitarau kulturala martxan da. Kilometro Lezo aurkeztu du Lezoko Udalak. Abuztuaren 13tik irailaren 11ra agendak ikuskizun ugari ekarriko ditu: euskal musika, dantza eta antzerkia.

Guztira 20 ekitaldi antolatu dira ostiral eta larunbatetan. Plan bikoi-tza egongo da asteburuetan: hasierako ekitaldia 20.00etan izango da eta gaueko 23.00etan beste bat egongo da. Azkeneko egunean ordutegian aldaketa txiki bat egongo da.

Ekitaldi guztiak Herri Eskolako patioan eskainiko dira, aire librean. Doakoak izango dira, baina aforoa kontrolatzeko asmoz, gonbidapenak aldez aurretik hartu beharko dira ohiko bideen bitartez: kultur bulegoan edota online (udal webgunearen bidez, www.lezo.eus ), ahal den neurrian azken hau lehenetsiz. Gonbidapenak gaurtik aurrera jarriko dira eskuragarri. Egitarau osoa ere, ikusgai dago. Aforoa 250 pertsonetakoa izango da eta ezinbestekoa izango da musukoa erabiltzea.

Kilometro Lezoren bigarren edizioa izango da aurtengoa, iazkoak izandako harrera ona ikusia. "Aurten, astebete gehiago iraungo du udako kultur egitarauak. Kultura indartzen eta suspertzen jarraitu nahi dugu eta aukera bikainak ikusi ditugunez, agenda astebete luzatzea erabaki dugu departamentuan" esan zuen atzoko agerraldian Ion Pombarrek, Kultura zinegotziak.

Kilometro Lezok euskal musika taldeak, antzerkia eta dantza emanaldiak uztartuko ditu 2021. urtean ere. Programaren barruan, Lezoko kultur talde eta emanaldiak txertatu dira herriko kultur eragileen presentzia bistaratze eta indartze asmoz.

Gainera, aurtengo egitarauan, ahal den jende espektro zabalena harrapatzeko asmoz, izaera oso ezberdinetako musika, zirku eta dantza emanaldi ikusgarriak daude.

"Euskal Herriko puntu desberdinetako artistak izango ditugunez, artista ezagunak gainera, inguruko herrietako jendeak ere artista hauek zuzenean ikusteko interesa izango dutela uste dugu", adierazi zuen zinegotziak.

Jesus Mari Martiarena, Lezoko alkatearen hitzetan, "iaz egin genuen bezala, Udalak kulturarekiko duen apustu irmoa azaldu nahi du, bai urtean zehar bai udaran ere. Kultura, Lezoko herriari bizia ematen diola argi daukagu".

"Koronabirusak eragindako kalte ugarien artean, kulturaren geldialdia eragin zuen. Sektoreari bultzada handia ematen saiatu gara azken urtean eta iazko ekitaldiek izandako arrakasta ikusi ostean, aurten ere, ildo beretik jarraitzea erabaki dugu" gaineratu zuen Pombarrek.