- Burgoseko Prozesuaren 50. urteurrena egin du eta erakusketa bat Oiartzungo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu dute. Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrarekin lan egin dute. Memoria berreskuratu eta bizikidetzaren inguruko elkarrizketa zabala izateko egiten dute azken urtean antolatutako hitzaldi zikloaren barruan.

Udaletxeko pleno aretoan jarri dute eta uztailaren 18a arte irekita egongo da. Erakusketaren helburua da gertaera historiko haren testuingurua ezagutzera ematea eta azaltzea, baita hurbileko historian izan zuen eragina ere. 1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketak, garaiko 173 dokumentu eta testigantza erakusten ditu.

Epaiketa hura gertatu zen testuinguru historikoan sakondu nahi du erakusketak eta hiru bloke ditu. Lehenengoan, Burgoseko Prozesua gertatu zen testuinguru historikoa islatzen da. Bigarrengoan, giza eskubideen urraketak eta frankismoak eragindako errepresioa azaltzen dira; hirugarrenean, berriz, epaiketan gertatutakoa kontatuko da. Gainera, 1970 urte hartan hildakoak izan ziren Gipuzkoan, Burgoseko Prozesuaren aurkako mobilizazioen testuinguruan. Izan ere, hiru pertsona erregimeneko poliziaren eskuetan hil ziren.

Aurkezpenean, Jexux Leonet alkateak, eskerrak eman zizkien Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariei erakusketa hau posible egiteagatik. Martxoan Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea hitzaldi zikloa antolatu zen hain justu ere Aranzadirekin abiatutako ikerketaren garrantziaz jabetzeko eta herrian gertatutakoaren dimentsioa eduki-tzeko. "Garrantzitsua da gertatutakoa ikertzea eta ezagutzea, gure herritarrek bizitutakoak ezagutzea, giza eskubideen urraketak azalera-tzea, hori izango baita bizikidetza eraikitzeko oinarria", gaineratu zuen.