Errenteria - Sisu 360 Photo enpresaren lanaren bitartez lau jantzi bira osoan ikusteko aukera eskainiko du Jantziaren Zentroak bere erakusketa iraunkor berrian, urte osoan zehar ikusgai egongo dena.

Jantzi bakoitza oinarri birakari baten gainean jarrita bereizmen handiko 36 argazki atera zaizkio. Horiek guztiak jarraian, jantzia bira osoan ikus daiteke. Horretarako areto bakoitzean bi tablet jarri dira bisitariak bakoitzean jantzi bana ikus dezan.

Jantziaren Zentroan modaren historian jantziek izan duten bilakaera modu kronologikoan ikusteko aukera izango da, lehen solairuan hasi eta bigarrenean amaituta. 35 jantzi dira guztira, ia guztiak emakumezkoenak. XVIII. mendean hasi eta 1970 urtera bitarte. Gainera, bigarren solairuan emakumezkoen barruko arropei tarte berezia eskaini zaie oraingoan.

Igandean, Jantziaren Zentroak museoen nazioarteko egunarekin bat eginez, bisita komentatua eskainiko du doan. Uneotan sarrerako aretoan ikusgai dagoen Iraultza Dantza Taldearen jantzien inguruko azalpenak izango dira. 12.00 eta 13.00etan euskaraz, eta 12.30 eta 13.30ean gazteleraz.

Beharrezkoa da aurrez izena ematea Errenteriako turismo bulegora deituta 943 494 521 ala jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzita. Izen-ematea larunbateko 12.00etan itxiko da.