- Motxian Eby lehiaketaren lehenengo erronka aste honetan aurkeztu da. Txapelketa hau 12 eta 16 adin tartekoentzako lehiaketa da eta aurten bideo motzak grabatu beharko dituzte Oarsoaldea eskualdeko gaztetxoek.

Zirikatzaile ezagun batek astero bideoz grabatuz gainditu beharreko erronka bat jarriko die eskualdeko gazteei, denera, lau erronka. Aurreko urteetan bezalaxe, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak antolatu du egitasmo hau.

Gehienez bi minutuko iraupena izango duten bideoak egin eta bidali beharko dituzte gazteek. Lehenengo erronka atzo ezagutzera eman zen eta hurrengoak otsailaren 24an eta martxoaren 3an eta 10ean proposatuko dituzte www.motxianeby.eus webgunean. Honelako erronkak izango dira, adibide bat jartzearren: musika bat eman eta harentzako koreografia bat asma-tzea edo sortzea.

Astero sarituko da bideorik onena; erronka bakoitzak irabazlea izango du, beraz. Zirikatzaileak eta gaian aditu den batek erabakiko dituzte sarituak. Asteko erronkaren bideo irabazleak 125 euroko saria izango du. Lau erronkak amaitzean, bideo guztien artean onena zein den erabakiko dute eskualdeko Kuadrillategiko gazteek eta 200 euroko saria eramango du.

Bideoak bidaltzeko epeak honako hauek dira: lehenengo erronkari dagokiona, otsailak 22; bigarrenari, martxoak 1; hirugarrenari, martxoak 8 eta azkenekoari, martxoak 15. Lanak www.motxianeby.eus helbidearen bidez bidali behar dira.