- Hainbat tresna edo euskarri berritu eta eguneratu ditu Oarsoaldeko Euskara Batzordeak. Familiei zuzenduriko Guraso gara! izeneko euskarriak dira berritutakoak; jaioberrien gurasoei banatzen zaien gida, batetik, eta familientzako bideoa, bestetik.

Atzo egindako agerraldian, Loreto Osak, Pasaiako Euskara zinegotziak, azaldu zuenez, Guraso Gara! gida udal erregistroan ematen zaie jaioberrien gurasoei edo etxera ere bidaltzen zaie haurra izan berritan. Gida honek familia tipologia bakoi-tza kontuan hartuta, euskara bermatzeko jarraitu beharreko urratsak erakusten dizkie guraso berriei.

Bideoa, aldiz, ikastetxeetako ikasturte hasierako gelakako bileretan erabiltzeko pentsatuta dagola adierazi zuen Osak. Bideoa eskuragarri egongo da ere www.oarsoarrak.eus webgunean.

Bestalde, “euskara egoera ahulagoan dagoenez, etxean errefortzua izatea oso komenigarria” dela nabarmendu zuen Batzordeko presidente eta Errenteriako zinegotzi Itziar Ostolazak. Gurasoei hizkuntzari buruzko hausnarketa eragin nahi dietela ere aipatu zuen.