- COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz kaltetuak izan diren herriko txikizkako komertzio, zerbitzu eta ostalaritzaren jarduera ekonomikoa berrabiarazteko ez ohiko dirulaguntzak jasotzeko epea gaurtik urtarrilaren 22ra zabalik egongo da. Oiartzungo Udal Osoko Batzarrak abenduan onartu zituen bigarren deialdi honen oinarriak. Eskabideak modu elektronikoan edo udal erregistroan entregatu beharko dira.

Laguntza sektore hauetako edo antzeko batean dauden pertsona fisiko edo juridikoak eska dezakete: hotelak eta antzeko ostatuak, jatetxe eta tabernak, komertzioak eta sagardotegiak dira.

Hauek zenbait baldintza bete behar dituzte. Lehenenik eta behin mikroenpresa izan behar dute eta mikroenpresatzat hartuko dira bataz beste hamar langile (jardunaldi osora) edo gutxiagoko enpresak, baldin eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra bi milioi eurotik beherakoa badute. Gainera, nahitaezko itxierak edota murrizketak euren jarduerari eragin diotela egiaztatu beharko dute.

Dirulaguntza hauek ordaintzeko, guztira 50.000 euroko izendapena eginda dago, Oiartzungo Udalaren 2020 urteko aurrekontuan.

Laguntzaren oinarria eskatzaile guztientzat 800 eurokoa da. Gainera, langile kopuruaren arabera 100 (1-3 langile), 150 (4-6) edo 200 euro (7-10) gehiago jasoko dituzte. Bestalde, alokairua edo hipoteka dutenei 150, 250 edo 350 eurorekin lagunduko zaie. Beraz, gehienez establezimendu bakoitzak 1.350 euroko dirulaguntza jaso dezake.

Laguntza hauek establezimenduan egindako moldaketak, hardware edo software erosketa edo maileguak ordaintzeko erabil daitezke, besteak beste.

Informazio gehiago, goizetan 943 490 142 telefonoan.