- Ia egunero egongo da zertaz gozatu Errenterian egunotan. Abenduaren 17tik urtarrilaren erdialdera luzatuko den kultur egitarau zabala aurkeztu du Errenteriako Udalak Kultur Malutak lelopean. Agerraldian herriko eragileekin batera sortutako egitaraua dela azpimarratu zuen Aizpea Otaegi alkateak.

Egitarau osoa herribizia.errenteria.eus/kulturmalutak/ leiho digitalean ikus daiteke eta bertan ere sarrerak lor daitezke. Olentzero eta Mari Domingi eta Errege Magoak ere izango dira txoko horretako protagonistak.

"Aurten Olentzero eta Mari Domingi ezin izango dira, ohi bezala, kalean ibili baina haurrak ez ditugu utzi nahi beraiekin hitz egin, gutuna eman eta argazkia ateratzeko aukera gabe", esan zuen Itziar Ostolazak, Euskara eta Hezkuntza zinegotziak. Horretarako webgunean bideo bat jarri dute eta beraiekin abenduaren 23 eta 24ean egoteko txanda har daiteke.

Aurten ez da kabalgata egongo, baina Errege Magoak Merkatuzarren eta Beraun eta Fanderiako frontoian egongo dira. Txanda abenduaren 26tik har daiteke.