- Errenteriako Udalak Nazioarteko Kultur Aniztasunaren Egunerako sorturiko Leiho guztiak, leiho bakarra film laburra beste birekin batera ikusteko aukera eskainiko du bihar 19.00etan Niessen kulturguneko auditorioan. Zazpi t'erdi ekoiztetxeak zuzendu du lana.

Udalak konfinamendua, haurrak eta aniztasuna elementuak ardatz harturik hamaika minutuko film laburra sortu zuen. Bertan, herriko jatorri anitzeko bost familiek parte hartzen dute. Osteguneko emanaldian, gainera, batetik, Maider Oleagaren Ikusmugak eta, bestetik, Ricardo del Conderen Hacia la niebla lanak proiektatuko dira.

Hiru film labur hauek Madrilgo Mataderoko Coronavirus Film Jaialdi Esperimentalerako izan dira hautatuak. Gaur bertan jakingo da epaimahaiaren azken emaitza eta beraz, berezia izango da Errenteriako proiekzioa. Gainera, Maider Oleagak eta Zazpi t'erdi ekoiztetxeko zuzendariak solasaldia eskainiko dute.

Sarrera doakoa izango da. Gonbidapenak Niessen kulturguneko harreran eskura ditzakete interesdunek edo online, bibe.me plataformaren bidez.