- Urriaren 16tik 25era, Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldiak ospatuko dira. 39 urte beteko dituzte aurten. Egun guzti horietan sei lan ikusteko aukera egongo da.

Aurtengo jardunaldiak Artekalek 16tik 18ra profesionalentzako antolatu dituen Kaleluia formakuntza saioekin batera egingo dira. Parte hartzeko: info@artekale.org.

Egitarauari dagokionez, urriaren 17an familientzako ikuskizun batetaz gozatzeko aukera egongo da Trintxerpeko Gernika plazan eta Euskadi Etorbidean (eguraldi txarrarekin, alkateordetzan) 13.00etatik aurrera Tomaxen Abenturak: Adi, grabatzen, ekin!!! lanari esker.

Egun berean, baina 19.00etan Antxoko Zumardian Zanguango taldeak Al otro lado eskainiko du.

Hilaren 18an, Guillem Albàk familientzako Calma! antzezlana ekarriko du Juanba Berasategi aretora 19.00etan.

Urriaren 23an San Pedroko Udal Aretoan 19.00etan Atx Teatroak Zazpiak bat lana aurkeztuko du.

Urriaren 24ean Markeliñeren txanda izango da Kartoibira obrarekin, J. Berasategi aretoan 19.00etan.

Azkenik, hilaren 25ean Anarkia relacional ikusi ahalko da Antxoko kultur etxean 18.30ean.

Antzezlanetarako sarrerak Eventbreite plataformaren bitartez eskuratu ahal izango dira. Zuzeneko estekak pasaia.eus webgunean aurki daitezke ere.

Udaletik aditzera eman dutenez, COVID-19ak eragindako egoera gertutik jarraitzen ari dira. "Bai herritarren bizitzen normalizazioari begira, eta baita arte eszenikoek oro har jasango duten krisi larriari erreparatuz, ahalegin guztiak egiten ari gara jardunaldiekin aurrera egiteko, betiere osasun neurri guztiak bermatuz", ziurtatu dute.