AHTren Astigarraga-Lezo trazatuaren kontrako txostena onartu dute


02.08.2020 | 01:21
Oiartzungo azkeneko Osoko Bilkura. Foto: N.G.

Oiartzun – EH Bilduko gobernu taldeak babestuta (EAJ abstenitu egin zen), AHTren Astigarraga-Lezo trazatuaren kontrako txostena onartu zen uztaileko Oiartzungo Osoko Bilkuran. Besteak beste, Astigarraga-Lezo trazatuaren Oiartzungo zatian Tajo enpresa (90 lagunek egiten dute lan han) eraistea aurreikusten du, jendea bizi den eremuetatik oso gertu planteatzen da eta nekazaritza zein abeltzaintzarako diren lurrak ere hondatuko lituzke.

Ondoren, Orain Ardura plataformak AHT eraikitzeko aurreikusitako dirua "oinarrizko zerbitzuetara" bideratzeko eskatzen zuen mozioa landu zen. EH Bilduk aldeko botoa eman zuen, Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotziaren arabera, "aurreko gaian azaldu dugunez, AHTk Oiartzunen izango lukeen inpaktuarengatik". EAJk mozioaren kontra bozkatu zuen.

Gipuzkoako zahar etxeetako lan gatazka konpontzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiari langile eta patronalaren arteko mahaia osatzeko eska-tzen zion mozioa ere onartu zen, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.

Osoko Bilkura berdinean, Lesakako Auzoberri-Endara eremuan Nafarroako Gobernuak garatu nahi duen parke eolikoaren kontra Oiartzungo Udalak prestatu duen alegazioa ahobatez onartu zen.

EAJ/PNV Abiadura Handiko Trenaren inguruko mozioari EAJ/PNV udal taldeak aurkako botoa eman zion. Zinegotzi taldeak bere kezka adierazi zuen: "Gaurko egoerak erakunde publiko guztien aurrekontuen lehentasunak berrikustea behartzen ditu. Arreta berezia jarriz, egoera honen aurrean ahulenak diren pertsonen eta gaurko osasun krisiak eta krisi ekonomikoak eragindako pertsonen beharrei aurre egiten".

"Baina herri honek bere garapen ekonomikoan, ekonomikoki, sozialki eta kulturalki eredu iraunkorrago batenganantz, aurrera egiten jarraitzeko behar dituen apustuak alde batera utzi gabe. Oiartzungo EAJ/PNVko zinegotzi taldearen iri-tziz apustu hauen artean, Euskadin eraikitzen ari den abiadura handiko sarea aurkitzen da", adierazi zuten.

Azkenik, adinekoen arreta zerbi-tzuko mozioan oposizioa abstenitu egin zen: "Uste dugu, Aldundiak beste eragile minoritario batzuekin gatazka konpontzeko pausuak ematen dabiltzan bezala, gehiengoa duten eragileak akordiora iristeko inplikatu behar dutela".