Begirale izateko izen-emate epea irekita dago

11.05.2020 | 00:51
Begirale bat, bi haurren lana berrikusten. Argazkia: Ainara Garcia

Pasaia – Uztailerako antolatu dituen Pasaiako Udalekuak egitarauan begirale izateko izen-emate epea irekita dago. Epea datorren maiatzaren 15ean, ostiralean, amaituko da. Epe hori errespetatzeko eskatzen dute; ez baita begirale izateko eskaerarik onartuko epez kanpo.

Era berean, Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak jakinarazi nahi du hautaketa-prozesuaren ondorioz sortuko den zerrenda beste egitarau edo behar batzuetarako erabili ahal izango duela.

Udalekuetan onartua izateko eta hautaketa prozesuan parte hartzeko baldintzak hauek dira: 18 urte izatea eta euskara jakitea. Hautagaiek proba bat egin beharko dute eta hautaketa-sistemaren irizpideen araberako merituak ere baloratuko zaizkie.

Gauzak horrela, izen-ematea iaz indarrean jarritako sistemaren bitartez egingo da: http://lanpoltsa.urtxintxa.eus. Horretarako pasaia.eus orrialdeko informazio orria deskargatu behar da.

Hautatuek oinarrizko prestakun-tza ikastaro batean hartu beharko dute parte, udalekuetarako beharrezkoak izango dituzten programazio ereduez, metodo pedagogikoez, eta abarrez, gutxieneko heziketa izan dezaten. Nahitaezkoa izango da ikastaroan parte hartzea udalekuetan lan egiteko.

Egoerak aukera ematen badu, eta ikastaroa presentzialki egin ahalko balitz, Arrokaundietako gazte aterpean ekainaren 5ean eta 6an egingo da. Egoerak utziko ez balu, prestakuntza ikastaroa telematikoki gauzatuko da, eta horri buruzko zehaztapenak aurrerago argitaratuko dira. Informazio gehiago pasaia.eus orrialdean kontsulta daiteke.

Bestalde, Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak gogorarazten du bihar amaitzen dela Udaleku Irekietan parte hartu nahi duten haurren-tzako izena emateko epea. Udal webgunetik inprimatu daitekeen fitxa Correoseko postontzietan sartu behar da dokumentazio guztiarekin Pasai Donibaneko udaletxearen helbidea ipinita.