- Oarsoaldeko Eskola Kirola, Eskola Kirola Etxean ekimenari esker, martxan jarraitzen du. Ekimen honen helburua eskualdeko gazteei eta familiei euren etxeetan kirola egiteko aukera ezberdinak eskaintzea da. Azkenekoa, antzara-jokoa.

Bertan, lauki batetik bestera aurrera egin ahal izateko, Eskola Kirolarekin zerikusia duten galderei erantzun beharko diete jokalariek, eta, beste kasu batzuetan, ariketa fisikoak egin beharko dira, beste lauki batera aurrera egin ahal izateko. Esteka Herri Bizia webgunean aurki daiteke.

Gainera, Eskola Kiroletik gogorazi dutenez, martxoaren 23az geroztik, egunero bideo desberdin baten bidez, erronka txiki bat eskaintzen zaie (trebezia ariketak, oreka ariketak, minigolfa…) eskualdeko ikasle guztiei eta familietako gainerako kideei. Bideoak eskuragarri daude Youtubeko Kirolaisi XXI kanalean herritar guztientzat.

Gainera, “nahi duenak grabatu eta sareetan partekatu dezake #eskolakirolaetxean edo #oarsoaldeakoeskolakirola traolarekin”, aditzera eman dute Eskola Kiroleko antolatzaileek.