- Otsailaren 29tik martxoaren 7a arte ospatu zuen Oiartzunek Kirol Astea. Epe bat igarota balorazioa egin zuen Udaleko Kirol sailak eta positiboa izan dela aditzera eman zuten. Lehen asteko eguraldi petralak kanpoko ekintzen arrakastan eragina izan bazuen ere, barruan antolatutakoak oso jende-tsuak izan ziren. Guztira, 550 lagun baino gehiago hurbildu ziren Kirol Astean antolatutako ekintzetara.

Izan ere, Kirol Astea dagoeneko zita bihurtu da oiartzuarrentzat. "Ikusten dugu jendeak gogotsu har-tzen dituela antolatutako jarduerak", esan zuen Ion Treku teknikariak. Astean zehar eskalada familian, xistera erakustaldia, gimnasia erritmiko eta akrobatikoaren erakustaldiak, antzinako jolasak, erorketa tailerra, mendi lasterketa, kirol elikadura tailerra, arte martzialen erakustaldia eta futbol egokitua antolatu ziren.

Elkarteen inplikazioa ere azpimarratzekoa eta eskertzekoa da Kirol Astea antolatzeko orduan. Hori dela eta, Udalak laguntzen aritu ziren guztiei eskerrak eman zizkien.

Alain Isasak ere jaso zuen V. Kirol Saria Kirol Astearen baitan. Eneritz Arbelaitz alkateordearen eskutik jaso zuen. Momentu hunkigarria izan zen Isasak saria jaso zuenekoa, etxekoen eta Honbu Kenpo Kai elkarteko kideen aurrean. Aurretik, Gaizka Lasa kazetariak gidatuta, mahai-inguruan kirolariaren bizitza errepasatu zuen Isasak berak eta Udane Arbelaitz eta Udane Loidi sokatiralariek, Munduko Sokatira txapeldunek, ere parte hartu zuten solasaldian.