Emakumearen Egunaren harira antolatzen diren ekitaldi bat prestatzea pentsatu dute. "Denek pozik hartu zuten proposamena, izan ere taldean duela urte batzuetatik hona feminismoaren eta berdintasunaren gaia lantzen ari gara", azaldu dio antolatzaile batek egunkari honi.

Mendiaren gaia beste ikuspuntu batetik jorratzeko asmoarekin Emakumea eta mendia mahai-ingurua prestatu zuten. Atzo ospatu zen Trintxerpeko alkateordetzan eta oso erantzun ona izan zuen. Gonbidatu zituzten hiru hizlariak puntako emakume mendizaleak dira: Ruth de la Hera Txonpi, Sonia Casas eta Ainhoa Lendinez.

Txonpi Ibilki elkarte inklusiboko kide da eta Mujeres con Voz elkartearekin batera Botas Lilas izeneko emakumeentzako mendi taldea sortu dute. "Bertan kolektibo desberdinetako emakumeak biltzen dira, desgaitasuna duten pertsonak, migra-tzaileak, kultura desberdinetakoak... eta hori ez da ohikoa mendian", azpimarratu dute.

Sonia Casas goi mendiko gida titulua Estatuan lortu zuen lehenengo emakumea da. "Hamarkada batez bera jarraitu du bakarra izaten. Orain, badaude beste hiruzpalau gida emakumeak direnak, baina ez dira asko", azaldu dute Itsastarrak taldetik. Casas Alpinismo en femenino ikus-entzunezkoaren protagonista da eta bertan bere eskarmentua eta bilakaera azaltzen ditu.

Azkenik, Ainhoa Lendinez mendizale eta trailrunnerra da. Kazetaria da eta EITBn lan egiten du erreportari modura. Mendi lasterketetan parte hartzen du eta aurten Everest Trail Race lasterketan parte hartu du, non sei etapa oso zorrotzetan norberak aski izan behar duen.

Atzoko mahai-inguruan bakoitzak bere esperientziak, anekdotak eta emakume bezala mendian jasan izan dituzten jarrera matxistak plazaratu zituzten. "Hau ez dugu egiten gizonak kritikatzeko. Helburua emakumeak nola sentitzen garen azaleratzea da barneratuta dauzkagun ohitura batzuen erruarengatik, mendian kasu honetan. Hemen gizonezko eta baita emakumezkoen jarrera sexistak ezagutzen ditugu", azaldu zuen mahai-inguruko aurkezleak. "Beraz, ekitaldi hau oso ondo dago oso ezagunak ez diren protagonisten bizipenak entzuteko, ohituta ez gauden historiak entzuteko, alegia", gaineratu zuen.

Aurkezleak esan zuenez, "orokorrean esan dezakegu gure kulturarengatik baldintzatuta gaudela, eta bertan hazi eta bizi gara. Batzuetan zaila da bereiztea zer da defenda-tzen duguna kontzienteki eta zer den kulturarengatik errotuta duguna zalantzan jarri gabe".

Itsastarrak taldeko emakumeek kulturalki errotuta dauzkagun zenbait ohitura gogorazi dituzte: "Zergatik eskaini behar didate beti eskua erreka bat edo zailtasun pixka bat duen pasu batean eta ez nire ondoan dagoen gizonari? Begiruneagatik egiten dutela esaten dute, baina ez zait gustatzen. Gu ere mendian ondo moldatzen gara".

"Feminismoaren gaia beti atera-tzen da gure irteeretan. Norbaitek komentario matxista bat egiten duenean, taldeko emakumeok soinu bat egiten dugu esan duena gaizki dagoela ohartarazteko", adierazi dute. "Eta hori Itsastarrak hasieratik oso talde mistoa izan dela, mistoa eta anitza, nahiz eta oraindik emakume gutxiago egon", aitortu dute.

Beste adibide bat: "Nire senarrarekin edo aitarekin mendira joaten naizenean, bidean norbaitekin topa-tzen bagara, niri ematen dizkidate aholkuak, gizonei ez dira zuzentzen. Zergatik suposatu behar dute nik ez dakidala mendian ibiltzen?".

Hori horrela da bizitzako esparru askotan. Mahai-inguruan azaldu zutenez, "gure bizitzan ikasi eta ikusi ditugun erreferente guztiak kontutan hartzen baditugu ohartuko gara %99 gizonezkoen erreferentziak direla". Adibide bezala, formula matematikoen eta teoremen egileak, ikastolan irakurritako liburu gehienen idazleak, pelikuletako zuzendariak eta protagonistak, eskoletan ikasten diren filosofoak, margolariak, eskultoreak, kirolariak...

"Horregatik, beharrezkoa da egoera honetaz ohartaraztea eta gogoeta bat egitea. Gure ideiak eta ohiturak kontzienteki eraikitzen hasi behar dugu. Pixkanaka eta esfortzu handiarekin, geroz eta pertsona gehiagok eztabaidagai hau mahaigaineratzen dute", argudiatu zuten hitzaldian. "Horretarako gaude hemen, pertsona batzuk beste ba-tzuei akuilatzeko eta mendia eta emakumearen inguruan hausnar-tzeko", amaitu zuten.

"Zergatik erreka bat gurutzatzeko niri eskua eskaintzen didate eta gizonari ez?", galdetu du taldeko emakume batek

Hizlariak 'Txonpi' Botas Lilaseko taldekidea, Sonia Casas goi mendiko gida eta Ainhoa Lendinez mendi lasterkaria izan dira