Errenteria - Orereta ikastolako Inude eta Artzainen desfilea bihar izango da hogeita hirugarren urtez. Koldo Mitxelena plazatik irtengo dira 12.00etan hasiko den kalejirarekin.

Ondorengo ibilbidea honakoa da: Maria Lezo kalea, Xenpelar kalea, Alfonso XI kalea, Pelotarien kalea, Kapitain Enea, Biteri Txiki eta Gamon Zumardira iritsiko dira. Han fandangoa eta arin-arina dantzatuko dituzte. Itzulera Herriko Plazatik, Foruen plaza, Xenpelar kalea eta Morrongilleta kalea igarota, Koldo Mitxelena plazaraino izango da. Bertan bukatuko da jaia ekitaldi nagusiarekin. Euria balitz, amaierako ekitaldia Koldo Mitxelena ikastolako jolastokira lekualdatuko litzateke.

Ikastolako ikasle eta gurasoez gain, herriko hainbat eragilek ere parte hartuko dute desfilean. Horien artean daude Ereintza elkarteko txistulari taldea, Iraultza dantza taldea, Errenteria Musikaleko Musika Banda, dultzaineroak, trikitilariak, Amulleta elkarteko danbor kofradia, dantzarien kuadrilla baserritarrez jantzita eta erromeria giroan, Jose Mari auto klasikoak, eta beste hainbat gazte nahiz heldu garai bateko jantziekin."Guztiei eskerrik beroena hemendik. Horiei guztiei esker, 350 pertsonak osatutako konpartsa koloretsu eta alaia ibiliko da aurtengoan ere herriko kaleetan barrena", esan dute Orereta ikastolatik.

1979an eta 1980an Ereintza elkarteak egindako ahaleginari segida emateko asmoz, 1998an hasi zen Orereta ikastola Inude eta Artzainen konpartsaren desfilea antolatzen. Bertan duela mende bateko gizartea irudikatzen da, artzainak herrira itzultzen zirenean inudeak gorteia-tzera. Beraiekin egongo dira apaiza, alkatea, serenoa, puxika saltzailea, medikua, sardinerak, erizainak eta sufragistak, besteak beste.