Errenteria - Errenteriako LGTBI+ Mahaiaren inguruan orain arte egin den lana sozializatzeko eta taldea bera jendaurrean aurkezteko Kabaret Festa formatuko ekitaldia antolatzea erabaki da. Izan ere, diagnostiko horretan agertzen diren proposamenen artean LGTBI+ pertsonei eta gainerako biztanleei partekatutako topaguneak eta gozamen guneak eskaintzea da.

Gauzak horrela, gaurko eguna, San Balentin, aukeratu dute festa egiteko "amodio erromantikoaren ikurretako batekin puskatzeko asmoz eta pertsonen arteko harreman afektiboetan aukera askoz ere zabalagoa dagoela adierazteko", azaldu zuten antolatzaileek aste honetan burututako aurkezpenean.

Nerea Izagirrek gidatuko duen ekitaldia Bazen Behin Clown taldearen Sexijentziaz askatuz ikuskizunarekin hasiko da. Jarraian, Eneko Gilek egun honetarako espreski prestatutako dantza pieza aurkeztuko du. Ondoren, Yogurinha Borovaren txanda izango da eta, besteak beste, Sentipenak askatu abestia aurkeztuko du. Azkenik, Dj2ttor djak musika ipiniko du. Ekitaldiak gauerdira bitarte iraungo du.

Festaren aurkezpenean, LGTBI+ politiken udal arduradun politikoa den Iñaki Queraltek azaldu zuen Errenteriako LGTBI+ pertsonen errealitateei buruzko diagnostikoa aintzat hartuta, ekintza-plana zehazteko eta garatzeko konpromisoa hartu duela Udalak. "Horretarako diagnostikoan proposatzen diren ekin-tzetatik abiatuta eta heteroarauetan zentratzen ez diren politika publikoak garatzea izango dugu xede", esan zuen.

Beraz, helburu horrekin, 2019-2023 Agintaldi Planean ildo propioa izango du LGTBI+ pertsonen ekintza plana garatzeak eta lehendabiziko aldiz, aurtengo udal aurrekontuetan partida bat onartu da estrategia berri horiek sortzeko.