Lezoko Udalaren laguntzarekin, Maria Labaienen apustua Mikel Susperregiren testuarekin eta Lander Zurutuzaren marrazkiekin osatuta dago. Lezokuak bildumako bigarren ipuin hau larunbatean aurkeztuko dute, 12.00etan Lezoko Kultura Aretoan

Bertan kontatzen da 1565. urtean Maria Labaien lezoar alargunari Ternuara abiatzera zihoan Saint Nicolas baleontzia sagardoz hornitzeko jarriak zituen bere etxeko eta uztako 24 barrika konfiskatu zizkiola Donostiako Udalak. Maria Labaienek salaketa jarri zion eta, urtebetera, aldeko epaia lortu zuen.

"Lezokuak bildumako bigarren ipuin honetan, emakume honek erakutsi zuen indarra eta kemena azpimarratzeaz gain, Lezoko herriak itsasoan eta sagardo munduan izan duen garrantzia gogoratu eta gurera ekarri nahi izan da", aditzera eman dute liburuaren egileek.

Gainera, ipuin honekin emakumeek historian izan duten garrantzia nabarmendu nahi izan dute. "Lezon itsasgizon, kapitain eta pilotu asko zeuden eta beraien atzean emakume indartsuak zeuden", azpimarratu du Zurutuzak. "Labaienek sagardoa egingo zuen bere senarraren ontzia hornitzeko eta alarguntzean sagardoa egiten jarraitu zuen", gaineratu du Susperregik.

Izan ere, XVI. mendean itsasoan, eta batik bat Ternuako itsas espedizioetan, sagardoak zuen garrantzia azaltzen da liburuan; garai horretan sagardogintza bera eta Lezok itsasoarekin eduki zuen lotura zuzena agertzen dira.

Honekin batera, ipuinean espreski lantzen den Lezoko euskarak herriko memoria historikoaren transmisiorako material baliotsu batean bihurtzen dutela uste dute egileek, batez ere herriko gazteen artean zabaltzeko.

Susperregi eta Zurutuzak gogorazi dutenez, iaz Joanes Salaberriaren hilketa argitaratu zuten, Lezokuak bilduma sortuz. Ipuinak fikziozko pasarteak ditu, baina Lezon Juanes de Salaberriaren hilketaren XVII. mendeko oroitarria dago. "Liburuak jakinmina piztu zuen eta ikusi ditugu haur asko oroitarria bisitatzen", adierazi du Zurutuzak.

Bi egileen helburua urtero ipuin edo nobela bat argitaratzea da, herriko beste pertsonaia esanguratsu bat berreskuratzeko. Jadanik zenbait ideia dauzkate datozen lanentzako, baina izenik ez dute aurreratu.

Maria Labaienen liburua, aurreko ipuina bezala, Lezo Institutuan eta Pasaia-Lezo Lizeoan banatuko da DBHko ikasleen artean. Gainera, bi zentroetako ikasleekin gaiaren inguruan hainbat dinamizazio literario saio burutuko dira martxoan. Bestalde, aurkezpenean bertan ipuina bertan salgai egongo da bost euroko prezio berezian.