Udalak herritarren parte hartzeko bideen inguruko inkesta martxan jarri du Zaldibian. Helburua, herritarren iritziak jaso, eta hauen bitartez, udalerria hobetzen jarraitzea da.

Zaldibiako Udalak oso garrantzitsutzat du baliabide eta zerbitzuak zaldibiarren beharretara egokitzea. Horretarako, galdetegia bide aproposa dela ulertu du udal gobernuak.

Inkesta bi modutara egiteko aukera dago. Inkestaren online esteka Zaldibiako Udalaren web orrialdean aurkitu daiteke.

Bestalde, etxeetara bidalitako inkesta liburuxkaren bitartez gauzatu daiteke. Betetakoan, udaletxeko harreran edo Kultur Etxean aurkeztu beharko da.

Zaldibiako bizileku bakoitzera paperezko galdetegi bakarra bidali da. Gehiago nahi izanez gero, udaletxean eskuragarri aurkitu daitezke.

Udalak herritar ororen iritziak jaso nahi ditu, hizkun-tza horretarako eragozpenik izan gabe. Horren harira, inkesta hainbat hizkuntzetan betetzeko aukera eskaintzen du: euskaraz, gaztelaniaz, arabieraz, errumanieraz eta ingelesez.

Inkesta erabat anonimoa da. Hala ere, adina eta genero identitatea galdetzen dira. Galdera hauen helburua, inkestaren irismena norainokoa den jakin eta erantzunak baloratu ahal izatea da.

Otsailaren 11 bitartean bete beharko da galdetegia, Udalak otsail amaierarako emaitzak argitaratu nahi baititu, zaldibiar guztiek jakin ditzaten.

Inkesta hiru zatitan banatuta dago: Udal komunikazio bideak, Udal arreta eta zerbitzuak, eta Udal antolaketa eta herritarren parte-hartzea. Guztira, 22 galdera ditu galdetegiak.