Idiazabalgo Udalak ostalaritza eta merkataritza enpresa txikiak modernizatzeko xedearekin laguntzak emango ditu. Interesa dutenek urtarrilaren 4a bitarte izango dute eskaera egiteko aukera.

Idiazabalgo Udalaren helburua da ostalaritza eta merkataritza sektorea "eragile ekonomiko aktibo eta arduratsua" bihurtzea, tokiko enplegua sorrarazteko gai izan dadin.

Era berean, enpresa txikiek estrategiak garatzea ere nahi da berritzeko beren produktuak, zerbitzuak eta negozio-ereduak, eta hobetzeko kalitatea, prestakuntza eta bezeroei eskaintzen zaien zerbitzua.

Elkarlana ere helburuetako bat da, izan ere ostalaritza eta merkataritza enpresa txikiek beraien artean eta udalerriko beste eragile batzuekin tokiko produktuak sustatzeko eta partekaturiko beste proiektu turistiko eta komertzial estrategiko batzuk gara-tzeko sinergiak gauzatu nahi dira. Azkenik, dirulaguntza hauen bitartez, irisgarritasuna, hondakinen ingurumen-kudeaketa eta eraginkortasun energetikoa hobetzea eta teknologia berriak erabiltzen ohitzea ere nahi dute.

Hainbat jarduerek jaso ditzakete laguntzak; hala nola mota ezberdinetako inbertsioek: makineria berria erosteko, argiztapena, errotulazioa (beti ere gutxienez euskeraz egiten denean), aire girotzea, terrazak urte osoan erabiltzeko egin beharreko egokitzapenak, garbiketarako ekipamendua erostea, edota establezimenduaren eraginkortasun energetikoa hobetuko duten ekipamenduak kontrolatzeko eta erregulatzeko sistemak edo hondakinak hobeto kudeatzen lagunduko duten sistemak.

Era berean, lokalak berritu edo zabaltzeko lanak egiteko ere eskatu daitezke laguntzak eta baita indarrean dagoen irisgarritasunari buruzko araudira egokitzeko lanak egiteko ere.

Ondoko jarduerei eskainiko zaizkie laguntzak: jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta antzeko izaera duten establezimenduak eta komertzioak.

Oinarri arautzaileak www.idiazabal.eus web orrian kontsulta daitezke. Nolanahi ere, ohartarazi dutenez, proiektuaren aurrekontu osoaren %80 gehienez lagunduko da diruz. Eskaerak Turismo eta Garapen Ekonomikoaren departamenduko langileria teknikoak aztertuko du eta, behar izanez gero, kanpoko adituen laguntzarekin balorazio txostena egingo du.