- Gazteen topagune modura erabiltzen diren tokiek, erregistro eguneratua izan beharko dute derrigorrez hemendik aurrera. Beasaingo Udalak gazte lokalei ekipamendu eta baimen batzuk eskatzea beharrezkoa ikusi du, Oinarrizko segurtasun eta osasun baldintzak bermatzeko helburuz.

Gazte lokalen erregistroak elkarbizitzan laguntzeko helburua du, hau da, gazteek lokala izateko aukera izan dezaten, bizilagunekin eta, orokorrean herritarrekin, harreman egokia eta arazorik gabea izanez.

Erregistroa eguneratua izateko, lokaleko ordezkaria Igunera, Beasaingo herritarren informaziorako udal bulegora, gerturatu beharko da baimen-eskaera egitera. Baimen hau beharrezkoa izango baita aisialdira bideratutako lokaletakoren bat izan eta erabiltzeko.

Gazte lokalen ordenantzaren azken egokitzapenaren arabera, aisialdirako gune hauek elektrizitatea, kalefakzioa eta aireztapen egokia izan beharko dute. Gainera, komuna eduki beharko dute eta ezin izango da bertan kozinatu.

Horretaz gain, gutxienez bi su-itzalgailu egon beharko dira lokalaren barnean, eta erabiltzeko moduan.

Jarduerari dagokionez, lokalaren barnean bakarrik egon ahalko da, ez kalean edo bide publikoan.

Zaratari erreparatuz, gazte lokalek erabilpen ordutegi mugatua izango dute. Goizeko 10.00ak baino lehen ezingo da jarduerarik egon, eta itxiera 22.00etan izango da. Ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperetan 0.00ak arte luzatuko da ordutegi hori.

Araudi guztia Beasaingo Udalaren web orrialdean dago herritarren eskura.