- Urriaren 1ean hasi zen aurtengo Ataungo Mitoaldia, Euskal Mitologia hizpide duena. Eta azaroaren 6an amaituko da, Jentilen Etorrerarekin.

Mitoaldiaren barruan hainbat ekintza antolatu dira hilabete guztian zehar, baina Jentilen Etorrera izango da urrezko ekintza, aurten 40 urte beteko dituena. Larubatean egingo da 18.15etik aurrera.

Jentilen Etorrera ikuskizuna 1981an sortu zen. Herri antzerkia du zutabe eta garai bateko sinesmenak ardatz. Urtero bi edo hiru legenda edo istorio errepresentatzen dira beste pasarte batzuekin batera. Berrogeita hamar ataundarrek parte hartzen dute antzerkian, eta 150 personek kale ibilbideko personai moduan eta antolaketa lanetan.

San Martingo plazan izango du hasiera kale ibilaldiak, eta amaiera, berriz, Auzoeta kiroldegian. Bi antzerki ekitaldi ikusteko aukera egongo da, lehenengoa 19.00etan, eta bigarrena, 21.00etan.

Jentil, sorgin, Torto, Basajaun, Akerbeltz, Zezengorri, Samartin Txiki eta beste hainbat pertsonaia mitologikorentzat tartea eskainiko du Jentilen Etorrerak abesti eta dantzen bidez. Bertsoak eta koplak ere presente egongo dira.

Jentilbaratza Kultur Elkarteak antolatzen ditu urtero Euskal Herriko sinesmen, kontu zahar eta legenden inguruko ekimenak.

Haur garaitik herrian entzun, sinestarazi eta amestutako kontu zaharrak dira Mitoaldian, eta zehazki, Jentilen Etorreran lantzen direnak.

Mundu magiko hura desagertzear dago eta antolatzaileen helburua mundu miresgarri hori jaso, gorde, zaindu eta ondorengoei zabaltzea da.

Joxemiel Barandiaranek egin zuen urte ugariz orain Jentilbara-tza Kultur Elkarteak egiten duena. "Euskal Kulturaren patriarka eta euskal etnologo ospetsuena izan zen Joxemiel Barandiaranek bildu eta jaso zizkigun hainbat istorio, kontakizun eta legenda, urtez urte azaltzen eta ikuslearengana gerturatu eta iristarazten ahalegintzen gara".

Kultur Elkarteak Ataun Euskal Herriko mitologiaren erreferen-tzia nagusi izatea du helburu.

Jentilen Etorrera ikuskizuna erabat euskaraz egiten da euskara mantendu eta sustatzeko. Antzerkiko pasarte askotan, galtzear dauden hitz eta esaera zahar ugari erabiltzen dira, galtzear dauden esamolde eta esaera zaharrei eusteko asmoz.