- Urretxuko Udalak Trafikoa Arautzeko Ordenantza (TAO) ezarriko du datorren asteartean (azaroak 2). Bi sektore sortu dira (urdina eta marroia) eta bietan doakoa izango da aparkatzea, baina tiketa ibilgailuan jarrita. Bi sektoreetan aparkatzeko gehieneko denbora 90 minutukoa izango da, baina urdinean bertakoek ez dute denbora mugarik izango. Berriro sektorean sartzeko, sei ordu itxaron beharko da. Eta ezingo da sektore batetik irten eta zuzenean bestera joan.

Ordutegiari dagokionez, astelehenetik larunbatera, 8.00etatik 20.00etara izango da. 20.00etatik aurrera Urretxuko zona horretan bizi direnek bakarrik aparkatu ahal izango dute. Igande eta jaiegunetan ere herriko inguru horretan bizi direnek bakarrik aparkatu ahal izango dute.

Sektore urdina Kalerrotan egongo da: Juan de Lizarazu erakusketa aretoko etxetik etxeorratzaren azpiko aparkalekura (azken hau barne) eta BM supermerkatuko aparkalekuan Urola errekatik gertuen dagoen aparkaleku ilara. Sektore marroia ere Kalerrotan egongo da: BM supermerkatuko aparkalekua eta etxeorratzaren azpiko aparkalekutik (hau kanpo) HD tabernara.

Zama lan guneak, bere ordutegia amaitzean, TAO gune bilakatuko dira. Tabernetako terrazak ere TAO gune bilakatuko dira, terraza ordutegitik kanpo. Bestalde, Urretxuko eremu horretan bizi diren bizilagunek txartel bat izango dute aparkatzeko. Txartel hau doakoa izango da eta udaletxean eskatu behar da.

Bi makina jarri dituzte: bata BMko bidegurutzetik gertu dago eta bestea Buen Bokadoren atzealdean. Aparkatzeko, gidariek tiketa eskuratu eta ibilgailuan jarri beharko dute. Aparkatzea doan izango da. Matrikula sartu eta baieztatzearekin nahikoa izango da.