Lazkaoko udalerriaren ingurunea ahalik eta garbien mantentzeko asmoz, hainbat lan egin dituzte egun hauetan. Urtero errepikatzen den ekintza da, udaberriari ongi etorria ematearekin batera burutzen dena.

Lan horien bitartez, Lazkao eta inguruko hainbat bide eta eremu garbitu dituzte makinaz, “modu horretara, herritarrei herri atsegin, txukun eta hobeago bat eskaini ahal izateko” xedea baitu Udalak.

Gauzak horrela, honako espazioak izan dira garbitu direnak: CAF enpresatik Goierriko langaraino doan bidea, Hirutxikitik Umarkirako oinezko bidea, Anbulategitik Beasaingo Txindoki Institutorako oinezko bidea, Arizti parketik Arramaendi baserrinainoko bidea, Hirubidetik Ertzilerako bidea, eta baitaSan Prudentzio ermitatik Izar Basorainoko bidea ere; azken hau Esparru mendira igotzeko bidea denez, herritar eta inguruko askok igaro-tzen duten bidea izaten da.

Lazkaomendi eremuan ere udaberrian makinaz egin ohi diren lanak eskuzko sasi-garbiketarekin osatu ditu aurten. “Iaz arte soilik udazkenean egiten ziren lan horiek eskuz eta makinaz; aurtengoan, baina, txukunketa lan horiek indartu ditu Udalak”, gehitu dute, “herriko inguruaren eta ingurumenaren zaintzaren mesedetan”. Hain zuzen Atxitxe-Maizberri eta Lartxai-Abalin zatietan egin dira desbroze lanak.

Lan horiei jarraiki, halaber, Enpaundi inguruan egiten zen desbrozea, Zubierreka poligonora eta Imaz baserrirako zatiekin osatu da. Eta ingurumenarekiko apustu horretan, aurtengoan, Lartxaitik Albitxurainoko zatia ere lehen aldiz egin du aurten.

Lazkaok duen ingurune berdea eta horrek dakarren balio naturala mantendu eta zaintzea da helburuetako bat, baina baita ere herriko zein herri inguruko azpiegituren mantenua eta egoera ona bermatzea, lazkaotarrei zerbitzu hobeak dituen herri atsegin, zaindu eta txukunago bat eskaintzeko.