Beasain | Beasaingo gazte lokalaren arautegia malgutu egingo da

Lehendik indarrean zegoena "zorrotzegia" zela adierazi du Udalak, eta horregatik ez dela horien "erabilera baimentzen"

08.04.2021 | 01:04
Beasaingo Oriamendi kaleko Txantxiku lokala. Argazkia: N.G.

beasain Beasaingo gazteen aisialdi lokalen arautegiak errebisio sakona jaso du, eta horien aldaketari hasierako onespena ematea onartu da, aho batez, azkeneko Osoko Bilkuran. Hala azaldu dute arrazoia: "izan ere, gaur egun dagoena zorrotzegia izateagatik ez du hauen erabilera baimentzen eta honen errebisioak zenbait aldaketa ekarri ditu".

Gauzak horrela, arau nagusien gutxieneko baldintzak osasun eta segurtasun arloekin zerikusia dutela nabarmendu dute, hala nola, espazio horietatik kalera irteera zuzena izatea, instalazio elektrikoa ondo egotea, komuna eta konketa izatea eta su-itzalgailuak edukitzea.

Espazioaren banaketaren inguruan ere zehaztu dituzte hainbat kontu. "Lokal horien edukiera pertsona batekoa izango da bi metro koadroko; nolanahi ere, gehieneko edukiera 20 pertsonakoa izango da".

Elkarbizitza egokia bermatzeko asmoz, gainera, erabilera ordutegia goizeko 10.00etatik gaueko 22.00-etara izango da aldaketa berri hauekin; asteburu, jai egun eta jai egunetan, baina, ordutegia luzatu egingo da eta gauerdira arte zabalik egoteko aukera izango dute.