3.743.470 euroko aurrekontua du Idiazabalek

Eduardo Irizar kaleko lanak aurten egiteko asmoa dago, eta Udalaren egoera finantzieroa "oso ona" dela jakinarazi dute

06.04.2021 | 00:27
Idiazabalgo udalerri erdigunea. Argazkia: A. Zaldua

idiazabal – Urtea hasi zenetik Idiazabalen onartuta dituzte aurrekontuak: 3.743.470,69 eurokoa izango da. Foru Funtseko sarrerek ere eragina izan dute; iazko ekarpena 1.666.000 eurokoa izan zen, eta aurten, berriz, 1.544.000 jaso dituzte.

Pertsonal gastuetan igoera egongo da, %7koa. Jairik ez denez izan, horretarako ez da ohiko partida zabalik aurreikusi, eta Euskal Gaztaren Azokarekin ere berdina gertatu da: aurreikusitako diru kopurua erdira jaitsi dute, aurrerago ospa-tzerik izango balego ere zerbait gordeta izateko.

Hala ere, egingo diren inbertsio nagusien artean Eduardo Irizar kaleko lanak daude. Dagoeneko abian izan behar ziren arren, urte zaila izan da 2020a, eta halako inbertsioak atzeratzeko erabakia hartu zuen Udalak. Hain zuzen ere, kale honen "birplanteaketa" egin beharra dutela jakinarazi du Udalak. Bide oso erabilia da hau, eta nahiko estua. Lan honek 121.000 euroko aurrekontua izango du.

Horrez gain, iaz atzeratua izan zen beste egitasmo bat Gurutze Berri auzokoa da, eta hau ere proiektu nagusienen artean dago. Egikaritu baino, lehenengo urratsak emango dituzte, besteak beste, bertako bizilagunei egitekoak direnak azalduz. Aurtengo urtea horretan joango da, eta datorrenean lanak hastea espero dute.

likidazio datuak Garrantzitsua da iazko aurrekontuaren balantzea ere egitea, eta Udala zein egoeratan dagoen jakitea. Hala, datuak zabaldu ditu: "aurreko urtean 3.458.713 euroko sarrerak eta 3.334.605 euroko gastuak izan ditu Idiazabalgo Udalak; aurrekontuaren exekuzioa bai sarrera eta bai gastuetan %82koa izan da gutxi gorabehera". Maila "egokia" dela deritzote, kontuan izanda pandemian "hainbat zerbitzu eta ekintza ez direla normaltasunez eman".

Diruzaintzako gerakina 932.000 eurokoa izan dela nabarmendu dute, "aurreko ekitaldian baino 130.000 euro gehiago. Aurrezki garbia berriz 184.210 eurokoa da; egonkortasuna betetzen da, 194.740 euroko finan-tza ahalmenarekin".

Hori ez ezik, egungo zorraren inguruko datuak ere ezagutzera eman dituzte: " Gaur egun Idiazabalgo Udalak duen zor bizia 2020ko likidatutako sarrera arrunten %10,78koa da, beraz, oso baxua da. Datu hauek ikusita, Idiazabalgo Udalaren egoera ekonomiko-finantzarioa oso ona dela esan daiteke", zehaztu dute Udaletik, balantzearekin pozik.