Ordizia | Ordiziako azokako pintxoak herriko tabernetan dastagai

Bertako produktuekin egindako pintxoak zazpi establezimendutan erosi daitezke

29.03.2021 | 01:21
Ordiziako Azokako erdigunean Ane Otegi, ekimenaren sustatzaile eta partaideekin batera.

ordizia Ordiziako azoka XI.-XII. mendeetan San Bartolome ermitaren inguruan ospatzen hasi zen. Urte batzuk geroago Plaza Nagusian kokatu zen, eta bertan bihurtu da erreferente. Urteak pasa ahala, gainera, ez dira zaharkituak gelditzen.

Joan den ostegunean Ordiziako azokaren pintxoa egitasmoa abiatu zuten. Dinamika erraza da: Ordiziako taberna eta jatetxeei proposamena luzatu zaie azokako produktuak erabiliz pintxo bat sortzeko, eta hori haien establezimenduetan salgai jartzeko, pintxo kartaren barruan. Ostalaritza sektorearekin azokak duen harremana indartzeko bidea da hau, balio erantsi bat ematen diena biei.

Gaur gaurkoz 19-90 Gastroteka, Hotel Ordizia, Kantoi, Leizea, martinez, Pottoka eta Txindoki izan dira ekimenarekin bat egin dutenak eta dagoeneko haiek egindako Ordiziako azokaren pintxoa dastagai da. Erraza da bereiztea, izan ere, Ordiziako Azoka jartzen duen bereizgarria daramate hauek.

Pintxo hau kontsumitzen duten bezeroei txartel bana emango zaie, eta zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute.

plaza, sukalde Hori ez ezik, Plaza Nagusiko erdigunea "sukalde" bihurtuko da bi hilabetez behin; baserritar eta nekazariz inguraturik. Bertan, Goierriko sukaldariek Ordiziako azokako produktuekin egindako errezeta bat sukaldatuko dute, momentuan bertan. Azokara gerturatzen direnek informazio puntuan errezeta horren nondik norako guztiak azaltzen diren fitxa jasoko dute, gainera.

Joan den asteazkenean, brokolia izan zen osagai nagusia. Osoa Sukaldaritza&Ikaskuntzako Ane Otegik Brokolia, baratxuri beltza eta Idiazabal gazta izeneko errezeta egin zuen, eta batek baino gehiagok egingo zuela aitortu zuen.