Ordiziako Jabekuntza Eskolaren inaugurazioa asteazken honetan izango da, 18.00etan, D’elikatuz zentroan Bea Egizabalek eskainiko duen ikuskizunarekin batera. Ondoren, Torrea eraikinean kokatzen den gunea ezagutzeko aukera izango da; sarrera Juan de Amezketatik izango du. rdiziako Udaletik konpromiso sendoa daukagu gizartean gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak ezabatuko dituen politiken sustapenean”, azaldu du Ainhoa Jimenez, Ordiziako udaleko Berdintasun zinegotziak.

Martxoan hasi eta irailera arte aurrera eramango den programazio anitza eskainiko da, saio guztiek edukiera mugatua izango dute, eta 18.00etan hasiko dira, D’elikatuz zentroan. Besteak beste, hitzaldiak, tailerrak eta ikastaroak eskainiko dira, guztiak doan.

“Jabekuntza Eskola herriko emakume guztiontzat zabalik egongo den gune segurua izatea nahi dugu. Emakumeok sortu eta diseinatua eta emakumeok dinamizatu eta egituratuko duguna. Ez da ikasketa gune soil bat, hori baino askoz gehiago da, bizitza osoan zehar emakumeok pairatzen ditugun desoreka sozialen kontzientzia hartzeko gunea da, hartu emanerako gune bat, non emakumeok enpoderatzeko tresnak geureganatzeko edota esperien-tziak trukatzeko bide ezberdinak proposatuko diren”, gehitu du Jimenezek. Behin baino gehiagotan nabarmendu du zinegotziak “ordiziar guztiei” zuzendutako lekua izango dela Jabekuntza Eskola, herritarrak bertan parte hartzera gonbidatuz.

Guzti hau martxan jartzeko, orain arte eta aurrerantzean ere, ez direla bakarrik egongo agertu zuen: “Proiektuaren diseinu eta garapenean aholkularitza profesionala jaso dugu eta Eihera kooperatibako Kattalin Miner eta Laura Muelasekin diseinatutako programazioa sortu dugu. Aurreratzean ere eurak izango dira Jabekuntza eskolako aholkularitzan gure alboan izango direnak”.

Bide horretan, martxoaren 5ean, Ordiziako koordinadora feministak antolatuta migrazio prozesuen inguruko solasaldia egingo da Barrenan, 18.00etan.