Orain dela hamar urte pasatxo aparkaleku bat dago Beasaingo Zumadi poligonoan, kamioiek bertan aparkatzeko aukera izan dezaten, N-I errepidearen ondoan. Hori guztia behar bezala kudeatzeko kamioilariek Usupartrabe Beasaingo garraiolarien aparkalekuaren erabiltzaileen elkartea sortu zuten, eta Udalarekin orain hamarkada batetik zuten hitzarmena berritu dute aste honetan.

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Beasaingo Udalak elkarlanean egindako proiektua izan zen 2010an inauguratu zen aparkalekua, bertan, kamioilariek eta garraioko profesionalek aparkatu ahal izateko. Modu honetan Zumadiko ibilgailu handientzako aparkalekuak garraiolarien eskaerei erantzun ziela nabarmendu Beasaingo Udalak.

Ibilgailuen eta erabiltzaileen sarrera mugatzeko eremu itxi eta mugatua da Zumadikoa, eta guztira 27 aparkaleku ditu. Bi aldeek sinatutako akordioaren arabera, hamar urteren ondoren, Udal Gobernuak, Leire Artola alkatea buru duela, akordioa berritu dute bost urterako. Beste bostera luza-tzeko aukera ere mahai gainean egongo da.

Erabilpen-lagapenaren baitan kudeaketa-, garbiketa- eta manten-tze- gastuak, ohikoak nahiz apartekoak, energia elektrikoenak ezik, Usupartrabe elkartearen kontura joango dira, eta aparkalekua Beasaingo Udalaren zergadun direnak (trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga kontzeptuan) bakarrik erabili ahal izango dutela adostu zuten bileran.

Ordura arte inolako aparkaleku zehatzik ez zuten kamiolariek, eta halako egitasmoa martxan jartzeak irtenbidea eman zion zegoen arazoari. Gune estrategikoa da, puntu horretan N-I errepideko noranzkoaren aldaketarekin bat egiten duen sarrera-irteerak daudelako.