-Koronabirusaren eraginez urteko lehen sei hilekoan aurreko urtean baino %50 gutxiago fakturatu zuten Argixao industrialdeko enpresei 2.000 euroko diru-laguntza emango die Zumarragako Udalak.

Diru-laguntza honen berri asteartean eman zuten, Argixao industrialdeko bulegoetan, Joseba Zaldua Argixao enpresa elkarteko lehendakariak, Mikel Serrano alkateak eta Rosa Maiza Garapen Ekonomiko zinegotziak.

Serranok helburua krisiaren eragina txikitzea dela esan zuen. "Okerren pasatzen ari diren enpresei lagundu nahi diegu eta enpleguari eusteko egiten ari diren ahalegina eskertu. Erakunde publikoen eta pribatuen arteko elkarlana ezinbestekoa da aurrera atera-tzeko. Argixao industrialdeko enpresek eta udalak hitzarmen bat sinatu genuen, industrialdea berritu dugu (300.000 euroko inbertsioa egin dugu) eta orain enpresei diru-laguntza emango diegu. Eskerrak eman nahi dizkiet Argixaoko enpresei, 400 pertsonei lana ematen baitiete".

Maizak enpresek bizi duten egoerari buruz hitz egin zuen. "Uztailean inkesta bat egin genien Argixaoko enpresei. %50ak aldi baterako enplegu erregulazio espediente partziala eskatu zuen (lanaldi murriztua), baina %68ak ez zuen pertsonala murriztu. Enpresak eusten ari ziren".

Egoerak, pixkanaka, hobera egin du. "Martxoan, industria arloko langabetuak 87 ziren. Abuztuan 112 ziren eta azaroaren 30ean, berriz, 91. Pixkanaka, errekuperatzen ari gara". Zalduak Zumarragako Udalari eskerrak eman zizkion.