- Gabonetara begirako egitaraua osatu du Zaldibiako Gazte Asanbladak eta hainbat jarduera egingo direla jakinarazi dute. Horren harira, Zaldibiako Udalak ohartarazpen bat egin du gogoraraziz zein den gaur egungo egoera, eta abenduan hartutako konpromezua: Gaztetxea itxita mantenduko dela.

“Zaldibiako Gaztetxea udal eraikin publikoa den heinean eta indarrean dauden lege eta arauak eskutan hartuta Zaldibiako Gaztetxea irekitzeko baimenik ez dago”, azaltzen da idatzian. Egitarauko hainbat ekintza Udalen lokaletan egin daitezkeela proposatzen dute: “gure prestutasuna azaltzen dugu, beste taldeekin ari garen bezala, udal baliabideak ZGAren eskura jartzeko, ekintzak egungo osasun protokoloen eta araudien baitan egin ahal izateko”.

Esaterako, abenduaren 31arako mendi martxa antolatu dute Asanbladakoek, eta horren aurrean Udalak kezka azaldu du: “Gaur egun bete beharreko protokoloek eta hartu beharreko neurriek guztiz baldintzatzen dituzte horrelako jarduerak”.

Idatzi bidez erantzuna jaso du Udalak. Gazte Asanbladak hala agertu du egoera: “Itxieraren erabakia ez da adostu, nahiz eta 2020ko uztailaren 17an Udalak publiko egin zuen idatzian herriari hala adierazi”. Puntuz puntu erantzun die Udalak azaldutakoari, esanez, Asanbladak baduela “nahikoa heldutasun bere jarduneko ekimen, jaialdiak eta ekitaldiak non eta nola garatu erabaki-tzeko, neurriak bermatuz.

Haiekin eztabaidatzeko “prestutasun falta agerian gelditu” dela gaineratu dute, eta egitarauarekin aurrera egingo dutela.