Igande honetan, eguerdiko 12.00etan itxi zen Zaldibiarrek hemendik aurrera Udala ordezkatuko duen irudia aukeratzeko ia astebeteko epea. Sorpresa gutxi ekarri du azken emaitzak, izan ere, ia zaldibiar guztiek irudi bera aukeratu dute: bigarren aukera, zaldia eta bidea agertzen direna.

Guztira, 283 bozka kontatu dituzte, eta horietatik 228 joan dira bigarren irudiarentzat. Beraz, gehiengo osoz nagusitu da zaldia protagonista duen irudia, eta hemendik aurrera horixe izango da zaldibiarrek bere egin beharko dutena. Lehen aukeran Z letra nabarmenduta agertzen zen, eta zazpi pertsonentzako hori zen aukera onena. Hirugarrenak bi Z gurutzatu edo elkartuta irudika-tzen zituen eta honek 17 boto jaso ditu. Laugarren aukerari dagokionez, koloretsuena da eta honek 27 pertsonen oniritzia izan du bozketan. Hiru boto izan dira zuriak eta bat baliogabea.

Hala, Zaldibiak argi izan du bere hautua. Prozesuaren hasieran azaldu moduan, orain Osoko Bilkurak berretsi beharko du emaitza; gaur egingo da eta gaur jaso beharko du irudi berriak Udal ordezkarien oniritzia.

Herritar guztiek izan dute haien iritzia azaleratzeko aukera. Hain zuzen ere, hasiera batean lau irudi posible jarri ziren mahai gainean, eta herritar guztiei inkesta moduko bat bidali zi-tzaien etxera galdetuz ea lau irudietako bat ikusten zuten lekuz kanpo, eta Udala ordezka zitekeen irudirik bazegoen eskainitako aukeren artean. Zaldibiarren erabakia izan zen laurak mantentzea, eta joan den astean zehar bat aukeratu behar izan dute. 12 urtetik gorako pertsonek bozka bana eman ahal izan dute, baina herriko txikienen iritzia ere kontuan hartu da. Lardizabal herri eskolan landu dute gaia, eta klase bakoitzeko bozka bana eman dute. Hala, parte-hartze prozesuan txikienek ere izan dute zer esana.

Gaurko Plenoan erabakia onartu egingo da, eta ondoren etorriko da aldaketa. Esaterako, udaletxe berria eraikitzeko bidean dira, eta bertako atean aurreikusten da zaldia eta bidea dituen irudia jartzea. Ez hor bakarrik, tramite ofizialetarako izan ezik, hau izango baita Zaldibiako Udala errepresentatuko duen irudia, herritarrek aukeratua.