- Inoizko parte-hartzerik handiena izan du aurtengo Igartza Musika Beka eskuratzeko entzunaldiek. Jokoan bi beka zeuden: bata graduko ikasketak egiten ari direnentzako zuzendua eta 2.000 euroko sariduna, eta bestea Gradu Master Beka saria deiturikoa, 3.000 euroko ordainsariarekin.

Hain zuzen ere, 22 hautagai aurkeztu dira aurten ospatu den bosgarren ediziora; Euskal Herrikoak batzuk, baina nazioartekoak ere izan dira partaideak. Egun osoan entzunaldiak buru belarri aztertu ondoren, Sorkunde Idigoras, Mari Jose Cano, Arantxa Gastesi eta Julio Pastorrek osatutako epaimahaiak erabaki zuen aurtengo irabazleak Laia Barberá arpa-jotzailea Gradu ikasketa kategorian eta Maryia Arol akordeoi-jotzailea Master ikasketa kategorian izatea.

Bi musikariek Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroan, Musikenen, ikasteko aukera izango dute bekari esker. Horrez gain, hemendik urtebetera emanaldia egiteko aukera izango dute Beasainen. Izan ere, Beasaingo Udalaren eta Musikeneren elkarlana da Igartza Musika Beka, ikasketak egiten ari diren musikariei aukera gehiago eskain-tzeko asmoarekin.

Hogei minutuko kontzertuak izan ziren, eta bertan erakutsi behar izan zuten partaideek haien gaitasuna. Gainera, herritarrei irekitako ekitaldia izaten da eta hala nahi duenak kontzertu txikiez gozatzeko aukera izaten du formatu berezi honetan.