- Zerainen kokatuta dagoen Oiharte sagardotegiak orain egun gutxi Gijonen (Asturias) SISGA 2020 Sidras de Gala lehiaketa egin zuten. Bertan, munduko sagardo berezien lehiaketa ospatzen da, eta Oiharteko AMA apardun sagardoak urrezko domina jaso du, eta Izotzezko sagardoak, berriz, zilarrezkoa.

Ingurune paregabean kokatuta dago sagardotegia, Zeraindik Mutiloara joaten den bidean, eta bertan sagardoa egiten dute Haritz Eguren eta Maite Retolazak. Bien familietan sagardoa beti presente izan bada ere, 2010eko uztan hasi ziren botila merkaturatzen eta sagardotegien munduan lekua hartzen.

Dudarik gabe, bi produktu berezi eta bereizgarriak dira domina eskuratu dutenak. Batetik, orain bost urte ekoizten hasi ziren AMA Oiharte dago. “Errezil Sagarrarekin egindako sagardo naturaletik abiatu eta metodo tradizionala erabiliz boteilan bigarren fermentazio bat eginez lortzen da”, zehaztu dute Oihartekoek. Ez da egun batetik bestera lortzen hori, eta prozesuak, gutxienez, sei hilabeteko iraupena izaten du. Lortzen den produktua, bestalde, apardun edari freskagarri bat da: “ahoan fina, burbuila txikiez osatua eta kolore argikoa”. Hain zuzen ere, edozein ospakizunetarako aproposa, topa egiteko balio duena.

Izotzezko sagardoa ez da nonahi aurkitzen. Oiharte orain arteko ibilbidean beti saiatu da gauza berri-tzaileak egiten, produktu gehiago eskaintzen. Etengabeko bilaketa eta nahi horren emaitza da izotzezko sagardoa. Errezil sagarra da hemen ere protagonista, eta hori prentsatu ondorengo muztioa bi aldiz izoztu eta desizoztuz muztio kontzentratu bat lortzen da. Ura kendu, eta ondoren fermentatzen uzten da. Sagardo horrek 9-10 gradu inguru dituenean filtratu eta pasteurizatu egiten da. Eta zer da lortzen dena? “Urre koloreko sagardo disdiratsu bat da emaitza, ahoan gozoa, sagar zapore handikoa eta gusto iraunkorra uzten duena”, gaineratu dute. Kasu honetan, Oihartekoentzat aproposa da bazkal-afari aurretik pintxo batekin tragotxo bat hartzeko, baina otordu bati amaiera emateko ere ondo baino hobeto legoke.

Egoerara egokituz, etxez etxeko zerbitzua ere egiten dihardute, eta interesa duenak saritutako produktu hauek probatzeko 686 299 158 telefonoan egin dezake eskaera.