- XXIX. Errezil sagar lehiaketa eta XXXI. Fruitu eta barazki lehiaketa joan den asteartean ospatu ziren Beasaingo azokaren asteroko altzoan. Pandemiak ez du eten azokaren dinamika, eta lehiaketak normaltasun guztiz ospatu dira.

Beasaingo azokako ekoizleen artean egiten den lehiaketa da, eta baserritarren lana balioan jarri eta saritzea du helburu. Gauzak horrela, errezil sagarrik onenak Aramako Iturriotz baserriko Patxi Arizmendirenak direla ebatzi da; bigarren postuan gelditu da Arriarango Ondarre baserriko Maria Luisa Urrestarazu, eta hirugarren saria Erauskin auzoan kokatuta dagoen Murugoena baserriko Iñaxi Aranbururentzat izan da.

Fruitu eta barazkiei dagokionez, Zegamako Altzibar baserriko Josetxo Mendiak irabazi du lehen saria, bigarrena Altamira auzoko Atari-eder baserriko Maria Rosario Txintxurretarentzat izan da, eta hirugarrena Lazkaoko Altune baserriko Maria Jesus Mujikarentzat.

Bide batez, azokako ekoizle helduenari omenaldia egiten zaio urtero; aurten Rosario Vitoria Etxeberria Bittori (Balda baserrikoa, Olaberria) izan da omendua. Sariak, Leire Artola alkateorde eta merkataritza eta landa eremuko arloburuak eman ditu eta garaikurrak Buztiña zeramika tailerreko kideek eginak izan dira.

Udalak bertako eta garaian garaiko produktuen kalitatea eta kontsumoa sustatu nahi du kontsumitzaileak azokara erakarriz lehen sektorea indartzeko helburuz, eta horregatik, asteroko azoka bultzatzeaz gain hilabeteko lehen larunbatearen ere egiten da azoka berezia.