- Asko izaten dira Goierriko hainbat txoko bisitatzera gerturatzen direnak, nahiz eta pandemiak eragina izan duen aurtengo datuetan. "Gatozen lekutik etorrita, ez dira horren datu txarrak", azaldu du Aitor Aldasoro, Goitur Goierri Turismo Agentziako presidenteak, aurtengo balantzea egiterakoan.

Datuak adierazpen hori baiezta-tzen dute: aurtengo udan iaz baino turista eta bisitari gutxiago pasa dira Goierriko turismo bulegoetatik. Ataun, Beasain, Idiazabal, Lizarrusti, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zeraindik 11.014 pertsona pasa dira uztaila eta abuztuan: 4.605 pertsona uztailean eta 6.409 pertsona abuztuan, hain zuzen ere. Iazko denboraldiarekin alderatuz, %33,9 pertsona gutxiagok bisitatu dute eskualdea aipaturiko bi hilabeteetan.

Ez da aurtengo desberdintasun bakarra izan. Izan ere, beste urteetan ez bezala, lehen postua euskaldunek osatutakoa izan da, eta bigarren posturako Katalunia, Valentziar Erkidegoa eta Madrileko Erkidegoaren arteko borroka egon da; uda honetan ere nabarmen jaitsi dena turista atzerritarren kopurua izan da, nahiz eta Frantzia, Belgika, Alemania eta Herbehereetako turisten bisitak izan diren.

Garrantzitsua izaten da jakitea nondik etortzen diren bisitariak, baina baita ere zenbat egun pasatzen dituzten Goierrin. "Igarotako gau kopuruari dagokionez, egonaldien iazko bataz bestekoa mantendu egin da orokorrean eta 3-4 egun igaro dituzte Goierrin; dena den, 7-8 egun bitarteko egonaldiak ere izan ditugu", azaldu du Niko Osinalde, Goiturreko arduradunak.

Nola ez, bertan behera gelditu diren ekitaldiek eragina izan dute, hala nola, Beasainen jokatzen den Ehunmilak probak. Urtero izugarrizko oihartzuna izaten du lasterketak, eta kanpotar ugari etortzen dira, ez bakarrik korrika egitea bertako mendietan barrena, izan ere, behin hemen izanda inguruko txokoak ezagutzeko aprobetxatzen dute. Gainera, Ordizian izandako koronabirus broteak ere eragina izan duela aitortu du Osinaldek, eta askok uztailean bertan behera utzi zituztela egindako erreserbak. Hala ere, etorkizunera begira, dei egiten die goierritarrei "udazkeneko asteburuetan inguruko txokoak ezagu-tzeko".

Hala, pandemia garaiko lehen uda honetan turistak jaitsi egin badira ere, Goierrik ondo heldu dio egoerari, datu txukunak lortuz.