Koronabirusak baldintzatutako egungo egoerara egokituta, azkaoko Joxemiel Barandiaran kiroldegiak ikasturte berria hasteko neurri guztiak hartu ditu. Izen ematea dagoeneko zabalik dago, eta kiroldegian egin behar da, telefonoz, 943 085 193 zenbakian, edo bertara gerturatuz. Lehentasuna izango dute aurreko denboraldian ibili ziren ikasleek, baina ikasle berrien eskaera eta izen ematea ere zabalik dago.

Koronabirusak eragindako egoeragatik eta erabiltzaileen arteko distantziak eta higienea bermatzeko asmoarekin, kiroldegiak ikastaroen eskaintza egokitu du eta neurri bereziak hartu erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

Hala, helduen ikastaro batzuk irailaren 14an hasiko dira: pilates, bodytraining, mantenimenduko soinketa, gap, bodygap eta zunba. Aurrerago emango dute gainerako ikastaroen hasiera dataren berri; urriaren hasieran ziklo indoor, adinekoen soinketa eta haur eta gazteen lehorreko ikastaroekin hastea aurreikusten dute, osasun egoerak ahalbidetzen duen neurrian.

Igeriketako ikastaroek harrera ona izaten dute urtero, baina oraindik ez dute data zehatzik aurreikusi hauen hasierarako. Bestalde, igeriketa terapeutikoan, haurdunaldiko igerian edo haurtxoen igeri ikastaroetan interesa dutenei izena emateko eskatzen diete. Haurren igeri ikastaroak ere abian jarri nahi dira, baina eskola-kirol jarduerekin gertatuko denaren zain eta igerilekuaren eta aldagelen erabilera mugatuaren baitan ahalik eta eskaintza zabalena egiteko modu seguruak ikertzen ari dira, beraz, oraindik ez dakite hasiera eguna.

Ikastaroen denboraldiarekin lotuta kiroldegiko guneen antolaketan aldaketa batzuk egingo dira. Esaterako, kiroldegiko jarduera berriz hasi zenean, gihar gela 2. solairuko hiru geletan banatu zen, kardio gela, txirrindu gela eta gihar gela gisa antolatuz. Datorren astera begira, ikastaroekin hasten direnerako, kardio gela eta txirrindu gela hainbat ikastaro emateko beharrezkoak dira, beraz, gela hauek libratu beharrean dago kiroldegia. Ondorioz, kardio eta txirrindu gela kantxako armailetara eramango dituztela aurreratu dute.

Instalazioetara sartzeko, eskuak garbitu beharko dira sarrerako hidrogelarekin eta harrerako langileak tenperatura hartuko die erabiltzaile guztiei eta aldaketak eta dutxak itxita egongo dira.