- Ahozko tradizioak Ordiziako San Bartolome ermita Villafrancako hiribildua sortu aurrekoa delako tradizioa zabaldu du belaunaldiz belaunaldi, eta hala sinestu izan dute. 2012. urtetik, eta Udalaren laguntzaz, hainbat ekimen egin dira arkeologiaren eta historiaren ikuspegitik istorio hori berretsi edo ezeztatzeko. Gure Iragana taldeak iaz indusketak egin zituen bertan, zer den egia zehaztu eta zurrumurruak bertan behera uzteko asmoarekin. Nerea Iraola, Gure Iragana taldeko kide ordiziarra: “Egindako lan horien emaitzei esker gaur egun ezagutzen dugun baselizaren aurretik beste hiru bat, gutxienez, bazirela jakin dugu”. Bihar ekingo die lanei eta hilabete luzatuko da.

Iraolaren azalpenen arabera, egun ezagutzen den ermitaren aurrekoa XV. mendearen bigarren erdian eraikitzen hasia zen eta Gerra Napoleonikoen garaira arte iraun zuen, frantsesen ihesaldian kaltetua gelditu zelarik. Eliza ekialde-mendebaldeko noranzkoan eraikita zegoen eta seroretxea zuen burualdeko eremuan. Orain bi urteko indusketan, baina, aurreko eliza baten hormen aztarnak topatu zituzten eta eraikuntza XIV. mende amaierakoa zela azaldu zuten. “Baselizaren barnealdean egindako ikerketari esker 1100-1200 inguruan ehor-tzitako giza-aztarnak topatu genituen. Ondorioz, eta garaiko hileta errituak ezagututa, hilobia beste eliza zaharrago baten inguruan egin zela uste da”, zehaztu du. Aurkikuntza horrek bestelako informazioa ere ematen du: Villafrancako hiribildua sortu aurretik San Bartolome ermitaren inguruan populaketa bazela erakusten du, jende multzoa elkartzen zela bertan.

Aurten, Udalak sustatua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare-zerbitzuaren laguntzarekin, San Bartolomeko baselizaren inguruan jardungo dute Gure Iragana elkarteko kideek, Erdi Aroan zehar bata-bestearen ondoren eraiki ziren tenplu haien hurrenkera hobe ezagutu eta haien ezaugarri arkitektonikoak eta erlijiosoak ezagutze aldera. “Bide batez, jasoko diren material arkeologikoen eta balizko ehorzketen bidez Erdi Aroko ordiziarren bizimodua berreraiki-tzeko aurrera pauso sendoa emango da”, nabarmendu du ikerlariak. Eremu zabalean, 7x6 m2 inguru, induskatuko dute aztarnategia.