- Beasain mugikortasun jasangarriaren bidean dago. Orain hilabete batzuk abian jarri zuen Udalak egitasmoa, herritarren parte hartzearekin batera. Goierriko biztanle gehien dituen herria da, eta merkataritza eta ostalaritza bizi handia du Beasainek. Hala, gaur gaurkoz herrian mugikortasunak izan ditzakeen gabeziak aztertuko dituzte prozesu honetan, ondoren, erabakiak hartzeko asmoarekin.

Aste honetan bertan egin da Mugikortasun Jasangarriaren Mahaiaren bigarren bilera. Orain arte egindako lanetik jasotako informazio guztia egiaztatu, partekatu eta osatu zen bertan, hau da, modu presentzialean, segurtasun neurriak mantenduz, lehen saioan ateratako emai-tzak kontrastatu zituzten. Hain zuzen ere, otsailean elkartu ziren lehenengoz eta orduan udalerrian zehar "ibilbide kritiko" bat egin zuten, oinez joanez udalerrian dauden gune zailak edo mugikortasuna hobetu beharra ikusten duten zonaldean apuntatuz.

Parte hartu zuten beasaindarrak talde txikitan banatu ziren bigarren saiorako, 5-6 pertsonakoetan. Ondorengo lau gai hauen inguruko arazoak, irizpideak eta erronkak zein diren ondorioztatzeko aukera izan zuten bertan: oinezko mugikortasuna eta merkataritza, mugikortasuna bizikletan, laneko mugikortasuna eta garraio publikoa eta mugikortasun motorduna eta aparkalekuak.

Fase kontsultibo honi irailean egingo den hirugarren tailer edo saioarekin amaiera emango zaiola aurreikusten da. Jasotako guztiaren emai-tzak aurkeztuko dira orduan eta hauek kontutan hartuko dituzte Beasaingo Mugikortasun Plana idazterako orduan.

Herritarren iritziak eta ekarpenak kontuan hartuta egiten ari dira lanketa, haiek baitira urratsak ematen ari direnak. Horretarako mugilasai@beasain.eus helbide elektronikoa eta betetzeko galdetegi bat jarri ziren herritarren eskura eta berrehun erantzun inguru jaso zituen Udalak. Honekin batera, udalerriko hainbat eragileei 15 elkarrizketa egin zitzaizkien mugikortasunaren inguruan haien zituzten iritziak jasotzeko. Ekarpen guzti horiek jasota daude Udalaren webean sortutako Beasain Mugi Lasai atalean aurkitzen den memorian.

Gauzak erritmo onean badoaz, urte amaierarako dagoeneko Mugikortasun Planari forma ematen hasiko dira, herrian errazagoa izanez mugitzea.