- Askorentzat San Adriango igarobidea edo Leizarrate bezala ezaguna dena Aizkorri mendilerrora igotzeko bidea da. Ez da edonolako lekua, eta ez duen ikuspegi zoragarriagatik bakarrik, izan ere, balio historiko handiko lekua da koba.

Zegamatik mendi bidea hartuta eskubiko aldean gelditzen da ermita, eta han parean indusketa arkeologiko ugari egin dira. Bertan egindako lanek erakutsi dute Erdi Aroan ez ezik, Historiaurrean ere gune garrantzitsua izan zela. Hain zuzen ere, duela 12.000 urteko aztarnak aurkitu izan dituzte bertan, hala nola zeramika zatiak eta hezurrak.

Momentu zehatzetan egiten dira lan arkeologiko horiek, eta ez da erraza izaten bertan zuzenean adituak lanean ikustea. Datozen bi asteburuetan, baina, aukera hori eskainiko zaie herritarrei: San Adrian kobako indusketak zuzenean ikustea. Uztailaren 18 eta 25an egingo dira irteerak, Andue-tza parketxeak antolatuta.

Goizeko 10.00etan abiatuko dira guztiak Aldaola aparkalekutik, Otzaurtetik abiatuta 4 kilometrotara dagoen gunetik. Adin guztiko herritarrei zuzenduta dagoen ekintza da, eta pertsonako bost euroko prezioa ordaindu beharko da.

Izena emateko andue-tza@gipuzkoanatura.eus helbidera jo daiteke, edo telefonoz ere egin daiteke: 943 802 187ean edo bestela 688 623 609an. Ibilaldian zehar Aizkorri-Aratz natura-parkeko gune ezagun eta magiko honen historia eta sekretuak azaleratuko dira, zuzenean ikusiko da indusketa prozesua nola gauzatzen den eta azken aurkikuntzen berri emango dute.