- Egungo egoera ikusita, segurtasun eta babes neurriak indartuko dira Beasainen herritarrek boza berme osoz eman ahal izateko udalerriko hauteslekuetan. Hala, Udalak beharrezkoak diren babes neurriak ezarriko ditu udalerrian banatuta dauden hiru hauteslekuetan: Murumendi eskolan, Loinazpe ikastetxean eta udaletxean bertan.

Hala ere, Udaletik lasaitasun mezua zabaldu zaie herritarrei datorren igandean "inolako kezkarik gabe bozkatzera joateko", eta garrantzitsuena "jende pilaketak ekiditea" izango dela nabarmendu dute. Horretarako, noski, segurtasun distantzia mantendu beharko da, hauteslekuetan sartzeko maskara jartzea beharrezkoa izango da eta sarrera guztietan gel hidroalkoholikoa egongo da sartu aurretik eskuak garbitzeko.

"Antolaketa guztia aurreikusita dago eta erraztasunak emango dira une oro herritarrek bozkatu dezaten. Horretarako hautes-mahaien arteko distantziak handituko dira", gehitu dute. Jendea bideratzeko eta segurtasun tarteak gordetzen direla aztertuz boluntarioak egongo dira. Botoa emateko orriak dauden kabinak hauteslekuetatik kanpo kokatuko dira, baina hala ere, norberak haren kartazala etxetik prestatuta eramatea gomendatzen dute.

Udala orain hilabete hasi zen herritar guztien artean doan banatzen maskara berrerabilgarriak eta oraindik eskuratu ez duenak Igunera jo dezake.