- Pandemia honek eragindako kalteak hainbat sektoretan izan dira nabarmenak, eta horietako bat kultura da. Udal askok erabaki dute horixe bera indartzea, eta horietako bat Legorretako Udala izan da, herriko eragileekin elkarlanean. Hala, hilabete honetarako eskaintza zabala antolatu dute, herritarrek gozatu eta ikasi ahal izan dezaten. Herri Antzokian bi pelikula emango dira; ostegun honetan 1917 filma eta uztailaren 26an The Gentlemen; lehena 21.00etan eta bigarrena 19.00etan. Horrez gain, 10-15 urte bitartekoentzat dronen tailerra ere antolatu da uztailaren 10erako, eta izena liburutegira deituta eman daiteke. Asier Kidam magoak hilaren 16an bisitatuko du Legorreta, 19.00etan, plazan saioa eskainiz. Amaitzeko, mendi irteera ere antolatu da Pikuk taldearekin elkarlanean, uztailaren 18rako. Modu honetan, kulturaren eta sortzaileen sektoreari bultzada eman nahi diote.