Bisita gidatuak Zeraingo turismo baliabideak ezagutzeko

Zeraingo plazatik abiatuta, asteburu eta jai egunetan bi ordu inguruko bisita gidatuak egiten dira 11.30ean 

05.07.2020 | 02:07
Zeraingo Aizpea meategiak ikusten dira bisitan zehar. Argazkia: M.A.

Zerain – Zerainek eskaintza zabala du bisitarientzako Goierriko herri txiki bat izan arren. Orain, uztailean sartu berri, dagoeneko prest daude herriaz eta haren historiaz gehiago jakin nahi dutenei erantzuna emateko. Aurten, baina, aldaketa batzuk ere egon dira: Zeraingo zerbitzu turistikoak urteetan enpresa baten bitartez kudeatu izan dira –Zerain Dezagun fundazioa– eta egun fase berri bati ekin diote: zerbitzu horien kudeaketa zuzena egitea erabaki du. Hori horrela izanik, hautaketa prozesu baten bidez pertsona bat kontratatu da turismo teknikari lanak egiteko: Ilazki Azaldegi.

Turismo bulegoa badago Zerainen, hain zuzen ere, Mandio tabernaren gaina hartzen du, eliza inguruan. Uztailean eta abuztuan, eta baita zubi eta jaiegun bezperetan zein Aste Santuan astelehenetik igandera egongo da zabalik, honako ordutegian: 10.30etik 14.00etara eta 16.00etan hasi eta 18.30ak arte.

Bestalde, bisita gidatuekin ere hasiak dira, gertutik ezagutu ahal izateko Zerainek duen eskaintza zabala. Ohiko moduan, asteburu eta jai egunetan izaten dira saio hauek, 11.30ean abiatzen dira Zeraingo plazatik eta bi ordu inguruko iraupena izaten dute. Bisita hauetan Larraondoko zerrategi hidraulikoa eta Aizpeako meategiak ezagutzen dira, herriko harribitxiak.

Horrez gain, Harizti-erdi Aterpe berrituak irailetik aurrera zabalduko ditu berriz bere ateak, 34 pertsona hartu ahal izango dituelarik. Erreserbak egiteko aukera zabalik dago talde zein norbanakoentzat.

Turismo bulegoko dendak ohiko hornitzaileekin harremanetan segitzen du eta bertako eta inguruko ekoizleen produktu gehiago eskuragarri jartzea dute helburuetako bat, herritarrei eta bisitariei zerbitzu hori ematen jarraitzeko. Erreserbak egiteko deitu 943 80 15 05 / 649946277 edo idatzi turismobulegoa@zerain.eus helbidera.