- Idiazabalgo Izal Bai Udal taldeak landa garapeneko ba-tzorde burutza uztea erabaki du, "etsipenez", baina EH Bildurekin izandako gorabeherak medio, erabaki hori hartu dute.

"Hauteskundeen ondoren elkarlanerako eta batera lan egiteko proposamena egin genion EH Bilduri. Beraien aldetik ere jarrera hori zela ikusi genuen eta oso pozik ekin genion againtaldiari", azaldu dute Izal Bai alderditik.

Antolaketa egiten ari zirela Landa Eremua Aitzol Mendizabalek eta Ekonomia Garapena Kepa Oiarbidek hartzea proposatu zuten. "Behin baino gehiagotan adierazi izan zuten kanpainan ere landa eremuko gaietan ondo aritu ginela eta uste genuen orain arteko bidean, egiteko aukera izango genuela. Zoritxarrez ez da horrela izan. Iristen ziren arlo horri buruzko informazio ofizialak ere ez zitzaizkigun helarazten. Erabakiak hartuz joan dira gurekin hitz egin gabe eta beraien kasa landuz herriko abeltzain batzuekin, ez denekin", esan dute, gaineratuz lehengo lan dinamika "erabat aldatu" eta "ingurumen teknikari bat hartuko dutela adierazi haiekin adostu gabe". Izal Bairen ustez "ez da bidea batera lan egiteko", eta horregatik Aitzol Mendizabal ez da aurrerantzean batzorde buru izango baina oraingoz Ekonomia Garapeneko batzorde buru-tzarekin jarraituko dute.

EH Bilduk, ordea, azaldu du "herriak dituen beharrei eta baliabideei ondoen egokitzen zaion langile profila aukeratzea" proposatu dutela, landa garapen gaiak ere eramango dituena eta "onura gutxi egiten zaiola herriari eta ganaduzaleei halako gaiekin sasi-polemikak sortuz".